Syriza saiatuko da Grezia ateratzen neoliberalismoak jaurti duen zulotik

  • Aurreko astean Greziako karriketan bizi izan den euforia bototan mamitu da igandean, urtarrilak 25: gehiengo zabala eman diote greziarrek Syriza mugimendu ezkertiarrari, herrialdearen bizkar Europako bankak eta agintariek ezarritako zigorra arindu lezakeen bakarra delakoan. Koronelen diktadura amaitu zenetik herrialdean agintzen egondako bi alderdietatik bata, PASOK sozialista, aurreko hauteskundeetan hondoratu zen; bart arratsean alderdi kontserbadoreko buru Antonis Samarasek aitortu du galtzaile izan dela. Troikaren murrizketek ahuldu eta are pobretu duten klase ertaineko askok, betidanik eskuinari botoa emandakoek, oraingoan Syrizari eman zioten konfiantza.


2015eko urtarrilaren 26an - 00:32
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Alesis Tsipras hauteskundeetako garaipena ospatzen.

Igande gaueko bozketa Atenasko parlamentua osatzeko adina bazen erreferenduma ere, Europako Batasunak, Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Bankuak (Troika izenez deitu hirukoak) ezarritako murrizketei buruzko galdeketa. Eta greziarrek konfiantza zabala eman diote nazioaren zor itzela bernegoziatu eta murrizketak etengo dituela agindu duen alderdi ezkertiarrari.

Botoen erdiak kontatuak zirenean agertu da jendaurrera Alexis Tsipras eta esan du: “Greziako herri subiranoak gaur agindu argi, sendo eta ukaezinezkoa eman du. Greziak orrialde bat itzulikatu du. Grezia atzera hasi da uzten austeritate suntsitzailea, beldurra eta autoritarismoa. Atzean hasi da uzten umiliatzezko eta oinazezko bost urte”.

Eta aurrerago esan du: “Greziako jendearen erabakiak eten du, inolako zalantzarik gabe, austeritatearen gurpil gaiztoa gure herrian. Greziako herriaren epaiak, zuen epaiak,  deuseztatu ditu argi eta garbi erreskate itunak ekarri dituen austeritatea eta hondamendia. Greziako herriaren epaiak Troika bihurtu du iraganeko gauza Europaren hezurduran”.

Syrizak astelehenetik bertatik aurrera ekin beharko dio herritarren ilusioak berotu dituen programa egia bilakatzeko lanari. Gobernua osatzea ez du izanen lanik gaitzena: bozketa sistema greziarraren berezitasunagatik (irabazleak automatikoki eskuratzen du parlamentuan 50 jarleku saritzat) gehiengo osotik oso hurbil geratu da. Aldiz, askoz zailtasun handiagoak aurkituko ditu 240.000 milioiko zor publikoaren ordainketa negoziatzeko. Egia da Europa osoan ugaritu direla negoziaketa horren aldekoen iritzi eta esanak, ontzat emanez Greziari barkatu beharko zaiola zorraren zatiren bat, inolaz ere kobratu ezingo litzaiokeena. Baina Alexis Tsiprasen gobernua mugitzeko ahalmen oso mugatuekin aurkituko da, alde batetik murrizketek lau urteotan eragin duten emergentzia soziala goxatzeko dirua behar, beste aldetik Europako mandatari neoliberal gogorrenekin negoziatu behar Barne Produktu Gordinaren %175ekoa den zor beldurgarria.

"Oligarkiaren Greziak galdu du gaur, langileen eta esperantzaren Greziak irabazi du", esan du Alexis Tsiprasek garaipenaren ondorengo lehenbiziko agerraldian. Oligarkia horixe bera izanen du etsai nagusia ondorengo hilabeteetan. Estatistika ofizialen arabera Troikaren programa hilgarriarekin bere aberastasuna are handiagotu duen oligarkia greziarrak kontrolatzen ditu hedabide nagusiak, ekonomia eta gizartea kontrolatu ditu klientelismo sarez, iruzurrez ordaindu gabe uzten ditu milioi asko zergatan… eta tentatua egon liteke kolpe ilunak antolatzeko. Syrizaren gobernuaren kontrako kolpeak berehala ikusiko dira, hedabideen kanpainetatik hasita. Ausartuko ote dira bestelako kolperen bat saiatzera? Aurrekari faltarik ez da Grezian.

Hala ere, Greziako hauteskundeok Europa osoan harrotu dituzte urak, nagusiki hegoaldean, Espainiako eta Frantziako estatuetan, Italian… 2008ko krisi erraldoia Europar Batasuneko eta AEBetako eliteek konpondu nahi izan dute korporazio handien zor pribatuak estatuen (eta horiek pagatzen dituzten herritarren) zor publiko bihurtuz. Korporazio handiek kiebra handiegirik gabe gainditu dute ekaitza eta, ordainetan, herritarrak geratu dira zorren gatibu, klase guztietako murrizketa basatietara kondenaturik.

Finantzen krisia lehertu eta ia zazpi urtera, eliteen formula horri ezetz esaten dion talde politiko alternatibazale bati eman dio botoa Greziako populazioak. Inguruko beste herrialdeetara kutsatuko ote da alternatiba desioa? Ala Greziako oligarkiak eta Europako eliteek lortuko dute Syrizaren neguko lili berria itotzea?  

Syrizaren lehenbiziko neurri ekonomikoak, Yanis Varoufakisek azaldurik


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Syrizaren erronka
2020-07-16 | Mikel Eizagirre
Yanis Varoufakis
"Troikaren itzuleraren beldur bazara, badituzu horretarako arrazoiak. Troika itzuli egingo da"

Greziako Finantza ministro ohia susperraldi-funtsaren inguruko negoziazioez mintzatu da El Diario.es egunkariari eskainitako elkarrizketan. Asteburu hontan egingo da goi-bilera, eta Europar Batasuneko herrialdeek koronabirusaren efektuak leuntzeko funts komuna jasotzeko... [+]


Itaka

Itakan antzeztu du uda honetan Tsiprasek finantza erreskatearen amaiera. Abuztuaren 21ean emandako liturgia hartan solemnitate handiz mintzatu zen Odisea modernoaren bukaeraz.

Greziako kontinentearen mendebaldeko kostaldean dago Itaka, itsaso jonikoan. Handik mendebaldera,... [+]


2017-01-25 | Zabaldi
Nazioartea
Elkartasuna eta desobedientzia berriz ere kriminalizatuak

Iragan uztailaren 27an, Zabaldiko bi kide, brigada internazionalisten prestakuntza lanean ari ziren Tesalonikan. Hurriyako etxea hustua izan zen eta bi kideak atxilotuak. Urtarrilaren 26an, ostegunean, epaituak izanen dira.


2016-10-13 | ARGIA
Tsipras: "Ez dugu etsiko zorra berregituratzea lortu arte"

Syrizaren bigarren kongresuan Alexis Tsiprasek ikusmin handia sortu duen hitzaldia egin du. Aurrera begirako politika marraztu du greziar presidenteak. Hibai Arbide kazetariak jarraitu du ekitaldia Twitter bidez.


'Osasun Grexitik ez!' diru gabeko greziarrak hiltzera ez kondenatzeko

Europako oligarkiak ezarritako politika ekonomikoak bere murrizketekin Greziaren osasun sistema publikoa Hirugarren Mundukoen mailaraino hondoratu duenean, milaka mediku, zaintzaile eta klase guztietako herritar ahalegintzen dira artatzen dirurik ezagatik bazterrean geratutako... [+]


Eguneraketa berriak daude