Yanis Varoufakis, Greziako Syriza alderdi ezkertiarreko kidea elkarrizketatu dute L'Antidiplomatico aldizkari italiarrean (Sin Permiso aldizkariak itzuli du). Datozen hauteskundeetan irabaziz gero, Gobernuak aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egin du.
“Greziaren susperraldiaz” hitz egiten zen Europar Batasunean duela gutxi arte, baina urtarrilaren 25erako herrialdean hauteskundeak deitu dituztenean lausotu dira ahots horiek. Gazteen langabezia-tasa %50ekoa da egun, eta bost greziarretik hiru pobrezia mailaren azpitik bizi dira, azken datuen arabera.
Varoufakisek EBko “makina propagandistikoari” egotzi dio susperraldi faltsu horren errua, “Troikaren neurri zorrotzak arrakastatsuak direla sinestarazi nahi izan dutelako”. Bere hitzetan, Grezian ez da susperraldirik egon.
Syrizaren programako proposamenetako batzuk dira zor publikoaren berregituraketa eta egoera benetan suspertu arte interesak ordaintzeari uko egitea. Azken inkesten arabera, irabazteko aukerak ditu alderdi ezkertiarrak.
“Irabaziko bagenu, mehatxuak ez litzaizkiguke merkatuetatik etorriko, Banku Zentraletik, EBtik eta Berlindik baizik”. Hauteskundeen ostean, Greziako banku sistema geldiaraztearekin mehatxatu ditzaketela uste du Varoufakisek.
Hausturarik ez
Eurogunetik ateratzeko aukera, hala ere, ez da Syrizaren helburuetan sartzen. “Ez gara eurotik irtengo. Greziak ez zuen sekula eurogunean sartu behar, baina orain ateratzeak mina eragingo digu”.
Tratatuak haustearen aldekoa ere ez da Varoufakis. Bere hitzetan, alderdiaren proposamenek ez dituzte orain arteko tratatuak urratzen, “orain ez delako horretarako unea”.
“Eurogunea, eta batez ere Europaren arima eta osotasuna salbatzeko New Deal bat behar dugu”. Elkarrizketetarako prest dago Syriza, baina "marra gorriak" igaroz gero, ezetz esaten jakingo dutela esan du alderdikideak, "edozein mehatxuren gainetik".