Swalow Quartet eta Jorge Pardo Huellas XL

  • Ostegun gauean Trinitate Plazan Swalow Quintet lehen zatian eta Jorge Pardo Huellas XL proiektuarekin izan genituen.


2013ko uztailaren 26an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12:03
Jorge Pardo.

Steve Swalow baxu elektriko jotzaileak eta Carla Bley-k piano jotzaile eta konposatzaileak hautaturiko boskoteko kideak ezin hobeak dira. Izan ere, egia esan behar badut, nahiz eta Downbeat aldizkari ezagunak Swalow behin eta berriz  baxu jotzaile onena izendatu, ni Chris Cheek saxo jotzailea entzuteko  irrikitan nengoen, nire gogokoenetariko bat baita. Eta gitarrarekin batera sortzen dituen sonoritateak bereziki ditut gustuko... eta Steve Cardenas bezalako gitarra jotzaile batekin arituta, emaitzak izugarria behar zuen izan!

Kontzertua hasi baino lehen Carla Bley-k pianoaren ordez, hammond organoa joko zuela adierazi ziguten. Baina entzuten hasi eta “ze fuerte dagoen baxua, ezta?!”  ez zen ia besterik entzuten! Saxoaren soloa ez zen entzuten kasik! Organoa urrutitik, inolako presentziarik gabe eta baxua danba-danba, azkar-azkar, errukirik gabe,  saxoari “ia jarraitzeko gai haizen!” esanez bezala ari zen. Egon ziren, hala ere, Steve Cardenas gitarra jotzailearen solo txundigarriak eta Jorge Rossy bateriak orijinaltasunez beteriko sonoritateak sortu zituen. Musika ere oso zen interesgarria eta kontzertua aurrera joan ahala, pixka bat hobetu zen tresnen arteko oreka. Beharbada kontzertua leku itxi baterako askoz egokiagoa zen.

Baina horiek guztiak kontuan hartuta ere, Swalowk harturiko leader jarrerak beste musikariei ez zien nahikoa izaten uzten, jan egiten zituen soinu aldetik, itzalpean uzten zituen eta kontzertuak ez zuen halako musikari bikainak arituta sortu zezakeena eman. Eta zera suertatu zitzaidan interesgarriena: nola bakoitza bere aldetik hain onak izanda ere, Swalowen jarrerak ez zuen, nire ustez, osotasun trinko bat sortzen utzi. Hain juxtu Brandford Marsalisen laukotean gertatzen zenaren kontrakoa, han talde lan izugarria nabari baitzen eta, era berean, bakoitzak bere onena emateko humus ezinhobea.

Jorge Pardoren txanda ondoren. Huellas XL proiektua aurkeztu zuen, alegia, Huellas 2012ko lanari Big-band bat gehitu eta jazz eta flamenko formatuak uztartzen dituen lana.

Interneten begiratuz gero, Jorge Pardo bera aurki dezakegu proiektu hau grabatu ahal izateko finantzaketa eske: www.lanzanos.com (2010) webean “crowdfunding” edo internet bidezko donazio sistemaren bidez hainbat proiektuk garapen modua bilatzen dute eta hau guztia berria ez bada ere, harritu egin nau orri honek eta Jorge Pardoren bideoak. Izan ere, Pardok Europako Musikari Onenaren Saria jaso berri du baina formatu handiko lan hau grabatzeko... ez da erraza izango nonbait.

Aitortu behar dut Pardoren saxo soinua ez dela nire gogokoenetariko bat baina izugarri gustatu zitzaidan. Ederki lotu zituen jazz hizkuntza eta flamenkoa baina gainera Jan Garbareken soinua ekarri zidan gogora behin baino gehiagotan, edo Armeniako duduk soinua bere saxo sopranoko sarreratan. Eta guztia oso era naturalean. Herri musika arabieratatik ere badu baina ez dakit ondo zergatik Indiarainoko soinuak iradokitzen zizkidan taldeak. Horri pianoa erabili beharrean marinba erabiltzen dutela gehitzen badiogu eta bateriaz gain, kajoia eta perkusioak jotzen zituen Jose Manuel Ruiz Motosen ekarpen miresgarria herrialde urrunetako kutsu hori handiagotu egiten da.

Bestalde, Taller de Músics Bartzelonako big-banda ere ederki aritu zen, baita palmero euskaldunak ere.

Bukaera guztiz hunkigarria izan zuen kontzertuak. Pablo Martin gasteiztar kontrabaxuak opari ederra egin baitzigun bertan ginenoi, Laboaren Txoria-Txoriren betirako edukitzeko bertsio bat joz, berriro ere entzun nahi nukeena. Benetan zoragarria. Bideoa lortzeko Jazzaldiarekin harremanetan jarri naiz eta oraingoz ezin da, TVEk abuztuan eta ETBk HD kanala jartzen duenean emitituko dutelako. Ea ikusterik baduzuen eta, bestela, lortzerakoan, zintzilikatuko dugu, merezi du eta.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Jazzaldia
2016-07-04 | ARGIA
Trinitateko auzo baratzea errespetatzeko eskatu diote Jazzaldia iragartzen duen garagardo markari

Uztailaren 20an hasiko da Donostiako Jazzaldia eta Donostiako Alde Zaharreko Gazte Asanbladak kezka adierazi du: urtero jazz jaialdiaren babesle nagusia den garagardo marka iragartzeko kartel handi bat jartzen du Trinitate plazan, hain justu gazteek joan den apiriletik auzo... [+]


Zenbait gogoeta Jazzaldiari buruz

Atzo egin zuten Donostiako 48. Jazzaldiko balorazioa eta historiako jendetsuena izan da, 155.500 ikusle izan dituelarik. 84 kontzertu izan ditu, hauetako 57 doako eta horietan bildu omen da ikusleriaren %90a. Prentsa guztian irakurriko duzue. Jazzaldi plusmarkista izan da... [+]


Jazzaldiaren txupinazoa eta Txikijazz

Sekulako giroa atzo Donostiako Jazzaldian eta gaur Txikijazz, haurrentzat eta haurrekin gozatzeko jazzaldi berriaren hasiera.


2013-07-19 | Judith Montero
Zer ez galdu Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan

Costa Bravako masia batetik ateratako abesti frexko sujerenteetatik, New Yorkeko Blue Note Jazz Club-eko inprobisaziotara, New Orleans uhinak kaleetan edo euskal musikaren aintzina eta abangoardia... guztietarako dago lekua Gasteiz eta Donostiako Jazzaldietan. Badago zer,... [+]


Eguneraketa berriak daude