argia.eus
INPRIMATU
Suzko armen stock-a amaitzear AEBtan
  • %800 hazi da armen salmenta AEBtan koronabirusa herrialdera heldu denetik. Erosleek diote armak beren burua babesteko erosten dituztela, krisian zehar sortu daitezkeen istiluetatik babesteko.

Maria Ortega Zubiate 2020ko martxoaren 26a
AEBtako arma-denda bateko irudia.

Beldurra zabaldu da AEBtan, eta arma-dendak oinarrizko zerbitzu bilakatu direla dirudi. Eta horrela adierazten du legediak berak ere, Kalifornia izan baita denda mota hori derrigorrezkoa ez dela eta itxi egin behar duela esan duen estatu bakarra. Dena den, internet bidez edo banakako txandetan erosi ditzakete armak estatu horretan ere.

Beldur dira krisia luze joango dela, eta herritar askok jatekorik izango ez dutela. Argi dute horren hurrengo pausoa etxeetan lapurtzen hastea dela, eta hori galarazteko erosi dituzte armak eta munizioa.

Horrez gain, egunotan polizia gutxiago egongo dela diote, eta beraz, herritarrak babesteko ardura beren gain jausiko dela.

Bezero gehienak berriak direla adierazi du David Stone arma-denda bateko jabeak, Naiz.eus-ek jaso bezala. Hori horrela, beren aurrekariak aztertu eta entrenamendua jaso behar dute. “Gizonak, emakumeak, gazteak, zaharrak, guztiek erosten dituzte armak”, dio Tiffany Teasdale, beste arma-denda bateko jabeak.