argia.eus
INPRIMATU
Suteek kiskaliko gaituzte landa eremua hiritartzen jarraituz gero
  • 2022an egun gutxi batzuetan 15.000 hektarea kiskali ziren Nafarroan. 2024an, eskarmentu haren ondotik, eta Andia mankomunitatearen eskutik, izan genuen lehen aldiz “artalde suhiltzaileen” berri. Zunbeltz Test Gunearen baitan martxan jarritako proiektua.

Goiuri Alberdi Aintzira OƱederra 2025eko urriaren 13a
Zarrakaztelun aurten izandako sutea. Nafarroako Suhiltzaileak

Aurtengo uda beroa izan da, abuztuan zehar Espainiako Estatuan kiskali diren 400.000 hektareek baieztatzen dutenez. Euskal Herrian ere izan ditugu suteak, 622 hektarea erre dira abuztuan Eneritz eta Zarrakaztelun, eta beste 60 hektarea berriki Urraulgoitin.

Ohikoa da suteak ugaritzearen arrazoien artean aldaketa klimatikoa aurkitzea; tenperatura altuek, hezetasun gutxik eta haizete indartsuek, idorte luzeek lagunduta, suteak hedatzeko baldintza egokiak sortzen dituzte. Suteei aurre egiteko giza baliabide eta azpiegitura faltak ere askotan izan dira aipatuak. Urtez urte gero eta entzutetsuagoak diren suteen hedatzean noski garrantzia izango dutela antzeko arrazoiek, baina ez ote dute landako herrien despopulazioak eta abeltzaintza estentsiboaren desagerpenak eraginik izan?

Ia gaur arte, gure mendiak eta basoak modu aktiboan maneiatuak izan dira eta natur baliabideekiko dependentzia estua izanik, epe luzeko oreka bilatu da natura eta gure jardunaren artean. Egun, ordea, gizakiaren jarduerak oso urrun daude mendiaren dinamiketatik, eta natur baliabideak ustiatuta, ezagupenik gabe, epe motzeko etekin ekonomikoari begiratzen zaio. Urruti daude garai bateko artzantza, ehiza edo sutarako egur bilketa.

Bestalde, azken urteetan landa eremuan ezarri diren politikek gero eta zailago egin dute giza neurriko nekazal jarduerak mantentzea, eskala txikikoak izanagatik ere agroindustriaren normatiba betetzea eskatzen zaielako. Gero eta burokrazia gehiago, gero eta estuago… guztiz desagertu arte! Landa eremua hiri-ikuspegitik gobernatua izatearen ondorio zuzenak dira. Aldi berean, abeltzaintza intentsiboa Hego Globaletik inportatzen den pentsuan oinarritzen da, inpaktuak externalizatzen dira, baina nekazal jarduerak ez du inolako harremanik ingurune hurbilarekin, basoak ez dira ez erabiltzen, ezta zaintzen ere.

Badirudi landa eremua, museo baten antzera, zenbat eta garbiagoa, inongo esku-hartzerik gabe, orduan eta jasangarriagoa dela, iraunkorragoa, berdeagoa. Agian horrela izango da “turismo jasangarria” helburu duen ingurune batean, baina ez suteak prebenitzeko basoen kudeaketa aktiboa egitea behar den lekuetan.

Horrelaxe galdu da landa eremuari lotutako bizimodu bat, eta bizimodu horri lotutako jakintza guztia ere bai. Aspaldian gailendu da teknologia berria, digitalizazioa, landa eremuko biztanleek belaunaldiz belaunaldi ondu duten jakintza praktikoaren aldean. Betidanik jo ditugu tontotzat baserritarrak, ezjakintzat, beraien egiteko moduak suteak prebenitzeko ezinbesteko pieza direla erakutsi diguten arte.

Behin landa eremuko bizimodua desagertzen utzi dugunean, Test Guneak edota baso-larretzea bezalako maneiuak sustatzeko proiektuak aktibatu behar izan ditugu. Aldaketa klimatikoaren garaiotan, suteak bezalako hondamendi naturalen aurrean, garapenaren izenean galdutakoak berreskuratzeko saiakerak dira.

Berandu baino lehen jarri dezagun arreta gure elikadura sisteman eta egin dezagun gure esku dagoena errotik eraldatzeko: giza neurrikoak eta ekologikoak diren nekazal eredu agroekologikoak behar ditugu. Egin kontu: gure mendiek laborari, ardi, ahuntz eta baso hostozabal gehiago, eta burokrazia eta funtzionario gutxiago behar dituzte, gainontzean, laster museoetan soilik ikusi ahal izango ditugu.