Dei batek dena alda dezake. Eguna bai, bederen. Hurrengo orduetako martxa, sikiera. Ourensen dagoen lagunak jasotzen du Noainen dagoen Lugoko lagunaren deia. Dei bakar batek ekarri zituen Galizako elkarte bateko zortzi artzain eta ahuntzain bat etxera. Zoragarria izan zen denbora hori partekatzea. Baita elkarrekin atondutako bazkari inprobisatua ere. Zenbat bizipen antzerakoak...
Gaiak nahitaez atera behar zuen, bagenekien; moduak harritu gintuen, ordea. Taldean bazen bere ibilbide profesionala landa-eremuaren antolaketan egina zuen pertsona ere. Baserriaren inguruko belardietan ginela, esan zigun: "Paisaia ederrean bizi zarete, baina sute arrisku bizian ere bai, hainbeste konifera landaketaz inguratuta. Zuen salbazioa, izatekotan, etxe bueltan dituzuen belardiak izango dira".
Tximista batek zeharkatu ninduen. Bizkar-hezurra, gori-gori. Sua burura heldu zenerako, uztailean irakurri nuen Los rescoldos de La Culebra liburuak hauspotu zituen sugarrak. Zer esanik ez aurten kiskali diren milaka hektareatan ziren bizitza guztiak neureak egiten baditut. Gizon hark gorpuztu zuen uda gurekin pasa duen beldurra.
Batek baino gehiagok pentsatuko du Galizan eta gainontzeko lurraldeetan izandako suteak hemen ezin direla gertatu. Gipuzkoako Basozainen elkarteak, irailaren 2an, ARGIAn bertan, kaleratutako idatzian zioen bezala, ez dezagun ahaztu 2021eko otsailean Bidasoa aldean gertatutako sute handi hura. Iberiar penintsulan piztu diren neurriko suteak hemen gertatuz gero, gureak egin du.
Zintzoki, eta ahopeka, galdetzen diot neure buruari ea hemen, Gipuzkoan –eraman zuek galdera zeuenera–prestatuta ote gauden ez horrelakoak itzaltzeko bakarrik, baizik eta, gaur egun, horiek saihesteko.
Entzun nahi ez dudan arren, erantzuna ezezkoa da. Jakin baitakit beharko genituzkeen baino basozain eta baliabide gutxiago ditugula. Mendiarekin loturiko ildo politikoaren beste adierazle bat baino ez da. Ikusi bestela aplikatzen den baso-politika: egurgintza industrialaren lobbyarekin guztiz lerratuta dago, ez jakiteraino non bukatzen den politika publikoa eta non hasten den interes pribatua.
Monolaborantzak indarrean jarraitzen du. Gaitzek eta arazoek ez dakarte sisteman aldaketa sakonik; espezieak ordezkatu dira, besterik ez. Hori omen da mendia garbi egoteko modua. Garbikeria hain heldu da urruti, ezen basogintza hitza aplikatzen diogun basotik ezer ez duen landaketa masibo horri. Baso-jabe zuhaitzen monolaborantza intentsiboa aplikatzen duenari. Basoa espezie bakarra duen eremuari, eukaliptoa bera izan arren.
Matarrasan helduko ginen basozainak ez zaintzera. Horrela, geure burua arriskuan jartzera. Horrela, arriskuarekin bizitzera.
Eta bai, horrelako suteak itzaltzea zaila da, oso. Baina jendarte aurreratu honek munduan duen egoteko erak hauspotzen ditu suteok, lehen txinparta piztu baino askoz lehenago. Baita aplikatzen diren politika publiko-pribatuek ere.
Ez gaude Galizatik hain urruti, ez horixe.