Apirilaren 26ko gauez sortu da sutea. Ez da zauriturik egon, baina sutearen ondorioz zenbait preso lekualdaketarekin zigortzeko asmoa agertu du espetxe administrazioak.
Igande gauez gertatu zen sutea Fresnesko kartzelan, 23:00ak aldera, Le Parisienek jakinarazi duenez. Espetxeko administrazioak eta FO sindikatuak emandako informazioan oinarrituta, sutearen eragile presoek beren ziegetatik jaurtitako jaurtigai sukoiak izan direla adierazi du egunkariak. Sua presoak dauden eremutik kanpo sortu da, iraganean espetxeko sukaldea izandakoan, orain biltegi bilakatua.
Incendie à la prison de #Fresnes !
Scène filmée depuis l’intérieur, pas plus d’infos sur la nature du feu pour le moment. pic.twitter.com/zaAj88eTMS
— Taha Bouhafs (@T_Bouhafs) April 26, 2020
Gauerdirako sutea kontrolpean zegoen, eta zauriturik ez da egon. Espetxeko administrazioaren hitzetan, sutearen ondorioz ez zen inor lekualdatu behar izan; alabaina, gertakariaren harira, sutea hasi zuten presoak beste espetxe batzuetara lekualdatzeko asmoa agertu dute.
Koronabirusak kinka larrian jarri du espetxeetako biztanleria. Kustodiapean dauden pertsonek legez osasun eskubidea duten arren, ezagun da eskubide hori urratu ohi zaiela; koronabirusaren agerpenaren aurrean ere, presoen osasuna ez da lehentasun bilakatu, eta hainbat espetxetan giroa tenkatzea eragin du horrek. Egoera hori tarteko, espetxearen bueltan lan egiten duten tokian tokiko elkarte eta erakundeak presoen osasuna bermatu dadin exijitzen ari dira; iragan astean, Espainiako Estatuko hainbat elkartrek txostena helarazi zioten Espainiako Gobernuari, espetxeetan koronabirusari aurre egiteko zein presoen eskubideak eta duintasuna bermatzeko hartu beharreko neurriak xedatuz.