argia.eus
INPRIMATU
Sutea izan da larunbatean Zubietako erraustegian
  • Larunbat arratsaldean ke zutabe handia bistaratu zen Zubietako erraustegian. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak garrantzi handirik eman ez dion arren, gertakariak hainbat herritar eta eragileren kezka eta haserrea eragin ditu.

Ekain Carrasco Tellaetxe 2025eko urriaren 13a
Eguzki

Larunbat arratsaldean, urriaren 11n, ke zutabe handia ikus zitekeen Zubietako (Gipuzkoa) erraustegitik gora. GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren arabera “sute hasiera txiki bat izan zen Gipuzkoako Ingurumen Gunearen (GIG-1) lehen faseko tamaina handiko hondakinak birrintzeko hobian”. Lurraldeko mankomunitate batetik iritsitako “material sukoiaren deskarga” batean identifikatu du jatorria. Sutea berehala itzali zuten plantako langilek eta ez da kalte pertsonal edo materialik izan, GHK-k adierazi duenez.

Kontsortzioak lasaitasuna transmititu nahi izan badu ere, herritarrek segituan adierazi dute ardura eta ezinegona gertatutakoaren inguruan. Horietako bat, Agurtzane Solaberrieta Usurbilgo alkatea izan da. Kezka eta haserrea adierazteaz gain, erraustegiaren inguruko informazio argia eta gardena exijitu du sare sozialetan. Beste hainbat herritar eta eragilek ere gertakaria salatu dute, hala nola, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, GuraSOSek edo Eguzki Euskal Herriko talde ekologistak. Herritarrek plazaratutako bideoetan ikusten da “berehala amatatu duten” suteak arratsaldeko 15:30etatik iluntzeko 19:00etara iraun zuela.

Astelehen honetan Euskadi Irratiko Faktoria saioan José Ignacio Asensio Gipuzkoako PSE-EEko idazkari nagusi eta Jasangarritasun diputatuari elkarrizketa egin diote, baina ez diote gaiaren inguruan galdetu.