argia.eus
INPRIMATU
Sutea itzaltzen saiatu da Darpon: “Azterketaren bat errepikatu behar bada, errepikatuko da”
  • Jon Darpon Eusko Jaurlaritzko Osasun sailburua elkarrizketatu dute asteazken goizean Radio Euskadin. Osakidetzako oposizioetako filtrazioen kasua lehertu zenetik lehenbiziko aldiz, sailburuak onartu du “beharrezkoa baldin bada” azterketa batzuk errepikatu egingo direla.

ARGIA @argia 2018ko ekainaren 20a
Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburua Radio Euskadin.

Darponek gogora ekarri du oposizioaren tamaina, azterketak egiten ari diren pertsona-kopurua azpimarratuz. Lanpostu publikoa lortu nahi duen jende kopurua handia izan arren, oposizioa “berme guztiekin” antolatzen saiatu direla esan du, baina “problemak sor daitezkeela”.

Momentu honetan lau espezialitatetako tribunalak paralizatu dituela esplikatu du, ikerketa martxan dagoela irregulartasuna ikertzeko eta gainera, azterketa guztien emaitzak aztertuko dituela “profesional independente batek” –Oviedoko (Asturias) Unibertsitateko talde bat ari da lan horretaz arduratzen–.

Ireki diren espedienteetan irregulartasunik antzemango balitz edo ikerketa estatistikoak beste espediente batzuk zabaltzea eskatuko balu, egin egingo dutela ere baieztatu du Darponek. “Gure esku dauden neurri guztiak hartuko ditugu: azterketaren bat errepikatu behar bada, errepikatuko da; lan-araudiaren arabera norbaiten aurkako diziplina neurriak hartu behar badira, hartuko dira; eta delituren bat izan dela antzematen bada, fiskaltzaren esku jarriko da”.

Orain arte oposizioetako iruzurrari buruz egin dituen adierazpenekin alderatuta, mezua aldatu du Darponek. Sindikatuek filtrazioak salatu ostean, problema ukatzea izan zen sailburuaren lehenbiziko erreakzioa: “Norbaitek irregulartasunen frogaren bat baldin badu, jar dezala mahai gainean, izen eta abizenekin”, esan zuen ekainaren hasieran.

Bestelakoa izan da asteazken honetako jarrera: “Lau espediente zabalik egotea guretzat oso eragozpen inportantea da”, esan du, besteak beste.