argia.eus
INPRIMATU
Sute izugarria Rouengo (Frantzia) Lubrizol petrokimikan: baserritarrei debekatu diete esne, barazki eta arrautzak saltzea
  • Jacques Chirac lehendakari-ohiaren heriotza eta hiletak estali dute Paristik 80 kilometrora Rouen hirian gertatu den istripu kimiko izugarria: autoentzako aditiboak ekoizten zituen Lubrizol konpainiaren usinak su hartu zuen irailaren 26an, instalazioak oso hurbil dauzkaten hiritarrak ikaratu eta oraindik neurria hartu ez zaion kutsadura zabalduz inguru osoan. Kilometro askotara iritsi dira ke eta errautsak eta nekazari asko harrapatu ditu kutsadurak: agintariek debekatu diete beren ekoizpenak kontsumitu edo merkaturatzea.

ARGIA @argia 2019ko urriaren 02a

Irailaren 26tik 27rako gauean leherketa handiek iratzarrazi zituzten Rouen hiriko (110.000 biztanle, Paristik 80 kilometrotara Sena ibaian aurrera eginda) jendeak eta ikaratuta ikusi ahal izan zituzten suteak eragindako garra handiak: Lubrizol konpainiak hirian daukan faktoriak eztanda egina zuen. Arrisku kimiko handia daukaten enpresen Seveso sailkapenean sartuta zegoen, erabiltzen dituen materialengatik.

Ordu batzuk beranduago, eskualdeko prefetak iragarri zuen kearen analisiak ez zuela toxizitate berezirik ematen, baina inguruko hamahiru herritako (tartean Rouengo) biztanleei eskatu zien ordu batzuetan ez ateratzeko etxetik. 27an eskolarik ez zen ireki. Agintariek istripuari larritasuna ukatu arren, asko izan dira Rouen hiritik gutxienez egun batzuetarako ihes egitea erabaki duten herritarrak. Adibide bat aipatzeagatik, Frantziako ezkerrean ezaguna den Lundi Matin aldizkariak jakinarazi du bere erredakzioaren parte bat Rouenen kokatuta egonik, lankideetako askok alde egitea erabaki dutela beren familiekin eta kazetak ondoko egunetan atzerapenak nozituko dituela.

Ondorengo egun eta orduetan Lubrizolek eragindako ke beltz kutsakorra haizeak bultzata oso urruneko hiri eta herrietaraino iritsi da, Belgikaraino.

Kutsaduraren ondorioak lehenbizi eta gogorren sentitu dituztenak –inguruko biztanleez gain, noski– Rouen eskualdeko nekazariak dira, agintariek berehala debekatu baitiete barazkiak, arrautzak, esnea eta aire librean hazitako edozein eskoizpen saltzea. Le Parisien egunkariak elkarrizketatu ditu fabrikatik 40 kilometrotaraino beren etxaldeak dauzkaten baserritarrak eta baita laborari ez izan arren baratzeak, fruitarbolak edo erleak dauzkaten jendeak.

Hasieran kronikek bazioten 400 laborari profesional baino gehiago daudela debekuak harrapatuta, Confederation Paysanne sindikatuak (ELB euskal sindikatua horren kide da) zifra are alarmagarriagoak eskaini ditu: "Milaka hektarea daude kaltetuta: Seine-Maritime departamenduan 112 udalerri, 39 Sommen, 40 Oisen eta 14 Aisnen".

Guy Pessy laboraria bere baratzean: Lubrizol fabrikatik 40 kilometrora dago baina sutearen kedarrek kutsatu dituzte bere fruitu eta barazkiak. (Argazkia: Arnaud Dumontier)

Urriaren 1ean milaka herritar irten dira kalera Rouenen, bere kezka eta haserrea adieraztera agintariei.

Tartean, zabaltzen ari dira Lubrizolen kiskaltzeak eragindako ke tzarraren arrastoak erakusten dituzten irudi ugari: