argia.eus
INPRIMATU
Sute arriskuagatik larrialdia ezarri da Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban
  • Larrialdi plan bereziak indarrean daude Euskal Herrian, eta hainbat murrizketa ezarriko dira nekazaritza-guneetan. Suteen arrisku handia adierazten duen 30-30-30 erregela bete zen atzo.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko uztailaren 15
Suhiltzaileak Araban. Argazkia: Euskadiko Suhiltzaileak, @BomberosEuskadi Twitterren.

Basoko suteetarako plan bereziaren larrialdi fasea martxan jarri dute Gipuzkoan eta Bizkaian ere, orain arte Araban soilik egon da martxan. Iñaki Norizak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Teknikariak, Euskadi Irratian adierazi duenez egoera okerrera joango da eta neurri murriztzaileak ezarriko dira, besteak beste ibilgailu pribatuei debekatu egingo zaie gaurtik aurrera alerta gorrian dauden guneetatik ibiltzea. Gainera, Segurtasun sailak larunbatera arte luzatu du beroagatik EAEn dagoen alerta laranja, hainbat lekutan tenperatura 40ºC inguruan egongo baita.

Nafarroako Gobernuak Suteen Aurkako Larrialdi Plana aktibatu zuen astelehenean, eta indarrean jarraitzen du. Nafarroan tenperatura altuen alerta horia deituta dagoen lurraldeetan, ezin da nekazaritzako eta basogintzako motordun makinariarik erabili arratsaldez, 14:00etatik 18:00etara, makina hauek arriskua baitute sua eragiteko txisparen bat piztekoa. Makinaria horien artean daude uzta jasotzekoak, uzta paketatzekoak, lasto xehetzaileak, exkabadorak eta abar.

Norizak azaldu duenaren arabera, neurri murriztaileek arriskua sortu dezaketen ekintza orori eragingo die Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban ere, basoen inguruan botatzen diren su artifizialei, ibilgailu pribatuen erabilerari edo nekazaritzarako makinei, besteak beste. Beste jarduera batzuk saihestu behar direla azpimarratu du, hala nola erretzea, barbakoak egitea edo ibilgailuarekin baso bide ez-zainduetatik ibiltzea.

30-30-30 erregela

Sua pizteko aukera areagotzen da 30-30-30 erregela betetzen denean, hau da, tenperatura 30ºC-tik gorakoa bada, haize ufadek 30km/h abiadura gainditzen badute eta hezetasun-maila %30tik behera badago. Hiru baldintza meteorologiko horiek egun berean ematen direnean suteak pizteko arriskua askoz handiagoa izaten da. Atzo hirurak bete ziren Euskal Herri guztian.