Ingurumenaren aldeko eta alferrikako azpiegitura handien kontrako borroketan ezaguna den Sustrai fundazioak jakinarazi du planto egingo diola Nafarroako Legebiltzarraren Mugikortasun batzordeak bilerarako egindako deiari. Berrikitan Madrilen 2.852 alegazio entregatu zituen Sakanan AHTarentzako egin nahi duten bide berriaren kontra.
Martin Zelaia buru duen Sustrai Eragintza fundazioak jakinarazi duenez, berak 2015ean sortzen bultzatu zuen Mugikortasun batzordetik egin dioten gonbidapenari ezezkoarekin erantzun dio. Zabaldutako agirian argudiatu duenez, "zertarako balio ote du Mugikortasunerako Batzorde batek erabakiak hartuak izan badira Legegintzaldi honen lehen egunetik eta urratsez urrats burutzen ari badira, batzuetan publikoki, eta besteetan, pribatuki?".
Batzordea hasieran baldin bazen "trena bilakatzea nafarrentzako garraio eredu publiko eta sozialaren muina", Sustraik jarraitzen du proposatzen "aztertzea nola sustatu trena eskuragarriago, erabilgarriago, ekonomikoago eta moldakorragoa izan dadin. Azken finean, trenaren aldeko apostu irmoa egin etorkizunerako gakoa delakoan". Hala ere, sortuz geroztik batzordea hilabete luzez geldirik egon den bitartean, bitarte horretan Nafarroako Gobernuak jarraitu egin du aurrerapausoak ematen Abiadura Handiko Trena bultzatzeko. Orain, "mugimendu guzti hauen erdian –dio Sustraik– Mugikortasunerako Batzordea jarri da martxan. Ez dakigu zeintzuk diren helburuak, zein den bide orria… Ez dakigu zergatik duten hainbeste presa bukatzeko orain arte geldirik izan dutenean. Ez dugu ezagutzen nork parte hartu duen eta zein txosten eskatu egin diren…(...) Sustrai ez da joanen Parlamentuaren Mugikortasunerako Batzordera. Konklusioak idatzita daude. Guk jarraituko dugu lanean astakeria hau geldiarazteko. Etorkizuna hemen dago, Prestazio Handiko Trena diru publikoa da pentsioak bezainbeste".
Berrikitan, Guaixek zabaldu zuenez, AHTren egitasmoari 2852 alegazio aurkeztu dizkiote Sakanatik Madrilen, Sustrai elkarteak bultzata. Haietatik 119 Itza eta Oltzako zendeetan jasotakoak dira eta gainontzeko 2.733ak Sakanan. Aipatzekoa da sakandarrek sinatutako alegazioen % 29,3 arakildarrenak direla. Iruñetik Gasteizerako proiektua denez, Gasteizen ere pareko ekitaldia egin zen. Batzuen eta besteen artean 11.000 bat alegazio aurkeztu zituzten.