Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sustatutako Herri Ekimen Legegilea (HEL) izapidetzearen kontra Eusko Jaurlaritzak oraintsu egin duen txostenaren kontra ehunka lagun mobilizatu dira larunbat goizean Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Pentsio minimoa lanbide arteko gutxieneko soldatarekin berdintzea nahi dute eta eskaera hori babesten duten 145.000 sinadura baino gehiago lortu dituzte urtebetean. Ez dute aldarria baztertzeko asmorik eta kalera irten dira datorren ostegunean Legebiltzarraren osoko bilkuran eztabaidatzearen alde bozkatzea galdegiteko.
Oihuz eta aldarriz bete dituzte dozenaka lagunek Erdialdeko kaleak, Bulebarretik abiatuta. 12:00ak pasatxo irten da manifestazioa, buruan Betorik ez zioen pankarta zeramaten Gipuzkoako eskualde desberdinetako kideek. Atzean, beste eskaera batzuk jasotzen zituztenak ere baziren, baita bandera palestinarrak, ikurrinak, feministak edota pentsiodunen aldekoak ere.
Adierazi dutenez, bi dira mobilizazioaren arrazoiak: batetik, ia 100.000 adineko pentsiodunek, “asko eta asko emakumeak”, ezinezkoa dutelako gutxieneko bizi baldintza duinak izatea, eta bestetik, “sindikatu guztiek, ehunka erakunde sozial eta feministek, beren lan eta lanbide esparruan garrantzia berezia duten 289 pertsonak eta bildutako 145.000 sinadura baino gehiagok” beren proposamena babestu ondoren, “Legebiltzarrean entzun gaitzatela eskatzeko legitimitatea dugulako”.
EAJ eta PSEri eskatu diete bozka dezatela HELa aintzat hartzearen alde, “jasotako babes masiboagatik” eta “adineko pentsiodunekiko errespetuagatik”. Salatu dute Eusko Jaurlaritzak “inolako oinarri zehatzik gabe” jarri diela betoa, mugimenduko kideek beren arrazoiak azaldu eta hura “bideragarri eta beharrezko” egiten duten eskumen eta finantza gaitasunak zehaztu badituzte ere. “Uzten badigute, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta oso eskasa dela eta Herri Ekimen Legegile finantzatzeko dirurik ez dela frogatuko diegu, soberan dagoena zerga politika bidegabea da, eta enpresa handiei ematen zaien mesedea, aberatsak gero eta aberatsago egiten dituena eta gehiago pobretzen gaituena”.
“Eztabaida serioa” eskatu dute baita borrokan jarraitzeko asmo berretsi ere.