Hamabost urte inguruko lau surflari israeldarren parte hartzea zela eta, hainbat eragilek protesta egin eta Groseko Surf Indarrak elkarteak lehiaketan ez parte hartzea erabaki du. Waxdayz jaialdiaren antolatzaileek ere surflari israeldarrak kaleratzea eskatu die WSL World Surf League erakundeari. Surflari israeldarrak kaleratu beharrean, txapelketa bertan behera uztea erabaki dute.
Azken asteetan sortutako harrabotsaren ostean, Waxdayz jaialdiaren barruan Donostiako Zurriola hondartzan asteburuan egitekoa zen Junior Pro mailako nazioarteko surf txapelketa bertan behera utzi dute. Horren arrazoia, honako hau: hamabost urte inguruko lau surflari israeldar lehiatzekoak ziren txapelketan, eta horrek hainbat eragileren protestak eragin ditu, baita Groseko Surf Indarrak jaialdian ez parte hartzea erabakitzea ere.
"Palestinako herria jasaten ari den genozidioa onartezina eta jasanezina egiten zaigu eta gure esku dagoen gutxia egin nahi dugu egoera salatzeko. Ez dugu begi onez ikusten israeldarrek normaltasun osoz parte hartzea gure hondartzan ospatuko den txapelketa batean. Txapelketatik aparte geratzea nahi dugu, palestinar herriarekiko elkartasun keinu moduan", adierazi du Groseko Surf Indarrak asteazken goizean kaleratutako ohar batean.
Jaialdiak jakinarazi du antolatzaileek WSLri exijitu diotela israeldar surflariek ez dezatela parte hartu txapelketan, baina azken horrek erantzun du lehiaketa bertan behera utzi duela, antolatzaileek proposatutako eskaerei "ezin dielako erantzun". Halere, antolatzaileek adierazi dute asteburuan egitekoa den jaialdiko beste ekitaldiekin aurrera jarraituko dutela: "Waxdayz jaialdia oraindik martxan da, eta espero dugu zuek guztiok Saguesen ikustea" eta beste ekitaldietan parte hartu behar duten gainerako kirolariek "asteburu ona izan eta surf kulturaz gozatu ahal izan dezaten".
Eragileen salaketak eta deialdiak
Surflari israeldarren parte hartzeak hainbat eragileren protestak ekarri ditu azken egunetan. Esaterako, Palestinarekin Elkartasuna plataformak eta BDZ taldeak mobilizazioa antolatu dute ostiral arratsalderako, Saguesen. Salatu dute eliteko kirolari israeldarrak "eroso" darabiltzatela munduan barrena, "ezer gertatu ez balitz bezala": "Bitartean, palestinarrek ezin dute lehiaketa internazionaletan parte hartu eta telebistaz emandako garbiketa etniko baten helburu dira".
Gainera, BDZ "Israeli boikota egiteko helburua duen taldea" izanik, beste hainbat kirol edo esparrutan antolakunde sionistaren aurka eginiko beste hainbat ekintza ere aipatu dituzte: esaterako, Palestinarekin Elkartasunarekin batera egin zen Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldearen aurkakoa. Boikot honen xedea "Israelek bere burua betikotzeko erabiltzen dituen egituren normalizazioa" ekiditea da, BDZren arabera.