1850eko Falloux Legea baliatuta, Patrick Dallenes Baionako suprefetak debekatu egin dio Hendaiako Herriko Etxeari hango ikastola laguntzea. Lege horrek debekatu egiten du eskola pribatuei diru edo eraikin publikoak ematea. Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariaren hitzetan, euren zentroen “%90 dira kolokan”.
Egoitza berria eraiki nahi du Seaskak Hendaian, gaur egungo eraikina txiki geratu zaielako. Proiektua arriskuan da orain, baita Seaskako gainerako ikastolen etorkizuna ere, Gorostiagak nabarmendu duenez.
Kazeta.info-k oroitarazi duen moduan, Hendaiako auzapez Battitta Sallaverryk ikastolaren bigarren eraikina 2014rako zabalik izango zela iragarri zuen duela urtebete. Egitasmoa geldirik dago, ordea, auzapezak “zailtasun berriak” atzeman dituelako bere hitza bete ahal izateko: “Bere udal taldea hautsi da, zenbait hautetsik uko egin baitiote haien ustez ‘egitasmo pribatua’ den ikastola berria laguntzeari”. Seaskak prentsaurrekoa emango du gaur arratsaldean, prefetaren asmoei zer erantzun emango dien jakinarazteko.
Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak gogor kritikatu du suprefetaren erabakia, "iraganera itzultzea" proposatzen duelako.