20. Komite Zentralaren laugarren osoko bilkuraren atarian heldu da albistea: Txinako armadako bederatzi jeneral –komite goren horretako kideak haietako zortzi, Politburoko kidea ere bai bat; eta Batzorde Militar Nagusiko kideak bi– kanporatu ditu Armadatik eta Alderdi Komunistatik, eta auzitegi militarren esku jarri ditu “diziplinaren eta legearen aurkako egintza larriak” egotzita.
Jakinarazpenaren unea ez da kasualitatezkoa: Komite Zentral horrek osoko bilkuran berretsi beharrekoak dira, arauz, haren kideen kanporatzeak. Hausnarketarako aukera gehiago ematen du iragarpenari hedabide txinatar ofizialek eman dioten hauspoak; duela hamabost hilabete, aurreko osoko bilkuran, beste hiruren kanporatzeei eman zitzaiena baino dezente indartsuagoa izan baita.
Neurriaren benetako muntaz jabetzeko, gogoan izan behar da maila militar goren-gorenekoak, Mendebaldeko armadetako “lau izarreko jeneralen” parekoak direla txinatarrok. Eta Batzorde Militar Nagusiak 2023an bere agintaldia hasi zuenean zituen zazpi kideetatik hiru galdu dituela jada. Alderdiaren Komite Zentralean, bestalde, detxematuta geratzen da Armadaren ordezkaritza, guztira hamar ordezkari galdu ondoren; baina hori izango da konpongarriena, ordezkoei esker.
Albisteari kasu egin dioten hedabide mendebaldarrek, nola ez, “ustelkeriaren” esplikabide topikoari heldu diote berehala, gaia sakontzeko gaitasunik edo gogorik ez dagoelako. Egitatea, ordea, askoz bihurriagoa dela erakusten du gertakarien sekuentziak eta protagonisten nortasunak. Hein batean larriagoa izango litzatekeen zerbait, Alderdiarekiko leialtasunik eza, leporatu baitzaie zigortuei.
Zertan? Nola? Noiz? Zergatik? Horretan legoke koska. Baina etsi dezakegu ez zaigula ia ezer argituko, akusazioan agertzen diren juzguez harago: Alderdiaren diziplina larriki urratu dutela, eta egundoko dirutzak kostatu diren eta eragin ikaragarria izan duten gaizkintza txit larrien erantzule direla susmatzen dela. Gorabehera militar larriak leudekeela tartean pentsarazten du horrek eta, bide batez, sekretuaren oihalaz estalita bilakatuko dela guztia, hemendik aurrera ere.
Protagonisten ibilbide militarrak eta elkarren arteko jarduketa-kointzidentziak (Suziri Armada, Hegoaldeko Teatroa, Ekialdeko Teatroa) argibideren batzuk eman ditzakete, etapaka Batzorde Militar Nagusira eta Politburoraino heldu den krisi batean.
Iazko ekainean, Yan’ango “santutegi” iraultzailean egindako gogo-jardun edo konferentzia hartan, behin eta berriz azpimarratu zien Xi Jinpingek bertaraturako uniformedun gorenei “Alderdiarekiko leialtasuna”. Agidanez, elkarrekiko leialtasunaren gainetik zegoela esan nahi izan zien.
Orduko “familia-argazkian”, bere eskuinetara zituen eserita He Weidong eta Miao Hua; atzean, tente, Lin Xiangyang eta oraingoan kanporatutako beste guztiak.