argia.eus
INPRIMATU
Superwoman
Leire Mihura Habans 2025eko martxoaren 07a

MAITE: (biharko eguna antolatzen bere buruaren baitan) Jaiki, gosaldu, bazkaria prestatu, arropa garbitu, etxea garbitu, gizon hori jaiki, seme-alabak jaiki, hiru horien gosaria prestatu, haiek agurtu, erosketak egin, lanera joan, seme-alabak eskolatik jaso, merienda eman, afaria prestatu, arropak bildu, seme-alabei lotarako istorioa kontatu, lotarako musua eman, gizon hura entzun, mimatu eta goraipatu eta lotara.

EZEZAGUN BAT: Nor zara?

MAITE: Haien ama, haren emaztea, etxe hartako etxeko andrea, lan hartako esklaboa, etxe hartako sukaldaria, etxe hartako garbitzailea, etxe hartako psikologoa, etxe hartako maitagarriena, etxe hartako euskarria, etxe hartako ez goraipatua, etxe hartako superwoman ikusezina.

EZEZAGUNA: Baina nor zara benetan?

MAITE: Maite naiz.

EZEZAGUNA: Eta zergatik hori guztia “Maite naiz” baino lehenago?

MAITE: Hori guztia delako nigandik espero dena, hori guztia ez banaiz, emakume ez hain emakumea izango naizelako, superwoman kategoriatik kanpo geldituko naizelako.

EZEZAGUNA: Zoriontsua zara?

MAITE: Superwoman bat naiz.

EZEZAGUNA: Baina zoriontsua zara?

MAITE: Bai, baina nekagarria da batzuetan superwoman izateagatik harro sentitu behar izatea eta zoriontasuna hortik ateratzea.

Emakumeak goraipatzen hasiak gara gaur egun?
Bai, baina ‘superwoman’-ak soilik. Hortik kanpo geratzen diren emakumeak ez dira nahikoa, ez dira langileak, ez dira nahikoa ahalegintzen gure patriarkatu betaurrekoen aitzinean

Emakumeak goraipatzen hasiak gara gaur egun? Bai, baina superwoman-ak soilik. Kategoria horretatik kanpo geratzen diren emakumeak ez dira nahikoa, ez dira langileak, ez dira nahikoa ahalegintzen gure patriarkatu betaurrekoen aitzinean. Superwoman-ak izaten ahalegintzen ez diren emakumeak edo superwoman-ak izan nahi ez duten emakumeak, inkontzienteki bada ere, epaitu ohi ditugu. Soilik Maite, edo denaren aitzinetik Maite izan nahi duten emakumeak epaitzen ditugu.

Aski da! Maite izan eta Maite izaten jarraitu nahi dugu guztiaren aitzinetik! Maite soilik Maite izanik superwoman-a bada, gizarte honetan emakume gisa bizirauteko superwoman-a izan behar baita. Ez ditzagun superwoman kontzeptua ere patriarkatu!

Leire Mihura Habans