argia.eus
INPRIMATU
Supersurraren ordainketa 2035era arte luzatuko dela salatu du EH Bilduk
  • Bizkaitarrak abuztu honetan hasiko dira Supersurra ordaintzen eta EH bilduren arabera, ordainketa 2035 urtera arte luzatuko da. Guztira 900 milioi euro baino gehiago itzuli beharko dira.

Xuban Zubiria @xubanzubiria 2013ko abuztuaren 02a
Bizkaiko Aldundiak defizit honi aurre egiteko planik ez duela salatu dute. Argazkia: elmundo.es

Azpiegitura gainera, zor are handiagoak ari da sortzen EH Bilduren arabera lortu den diru bilketak ez baitu mantenu lanak ere finantzatzeko balio izan.

Koalizio subiranistak salatu du Supersurrek datozen 25 urteetan Bizkaiko etorkizuna hipotekatuko duela. EH Bilduko Aitor Torrek adierazi duenez, autopistak Aldundiko kontuak zorpetzen jarraituko du. “Urteak igaro ahala, Supersurraren defizita hazi egingo da. Izan ere, 2035era arteko finantza planak errealitatetik oso urrun dauden diru bilketak iragartzen ditu”.

Bizkaiko Aldundiak defizit honi aurre egiteko planik ez duela salatu dute. Koalizioak ziurtatu du proiektuaren hasiera-hasieratik bazirela azpiegituraren bideragarritasun ezaz ohartarazten zuten txostenak.

Jose Luis Bilbao Ahaldun Nagusiak esandako hitzak ( “hemen Espainiarekiko politika oso desberdinak egiten dira”) gogor kritikatu ditu Aitor Torrek, esanez antzekotasun gehiegi daudela Bizkaian egindako proiektu faraonikoen eta Espainiako Estatuan egindako beste hainbat “makroproiektu xahutzaileen” artean.