argia.eus
INPRIMATU
Superberriak-ek atzera egin du eta ez du erregulazio espedientea aplikatuko BM dendetan
  • Bost egun iraun dituen greba mugagabearen ostean, zuzendaritzak bertan behera utzi du bost denda itxi asmoz erregulazio espedientea aplikatzeko asmoa. Aurreakordioa lortuta, negoziaketak hasiko dituzte zuzendaritzak eta langileek.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 21a
Argazkia: LAB Aiara

Asteartean jakinarazi zuen Superberriak-ek erregulazio espedientea aplikatzeko asmoan atzera egingo zuela, zuzendaritzak hala erabakita. BM saltoki handiak (Uvesco) BM Shop kateko zenbait denda kudeatzeko erabiltzen duen enpresa da Superberriak, eta iraila hasieran jakinarazi zuen denda guztiak ixteko asmoa zuela eta hargatik erregulazio espedientea abiatuko zuela. Balizko itxierak giltzarrapoa jarriko lieke Bilboko Zazpikaleetako, Ugaoko (Bizkaia), Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) BM Shop dendei, baita Roxima 2020 SM enpresak kudeatutako Barakaldoko BM Shop dendari ere. Hala gertatuz gero, 70 langile geratuko lirateke langabezian.

Enpresaren asmoak ezagutu eta gutxira, irailaren 16an, abiatu zuten langileek greba mugagabea. Greba Laudion egindako mobilziazioarekin hasi zuten, eta ordutik dendak itxita eduki dituzte. LAB eta CCOO sindikatuek jakinarazi dutenez, grebaren jarraipena ia %100ekoa izan da.

Erregulazio espedientea atzera botatzea lortuta, grebalariak lanera itzuliko dira. Aurrerakoan Uvescok subrogatuko ditu dendak, eta lanpostu guztiak mantenduko ditu. Aurreakordio hori lortuta, orain zuzendaritzarekin negoziazioei ekingo diete langileek. "Etorkizunari buruzko zalantza oro argitu arte, erne eta antolatuta jarraituko dugu", adierazi du LAB sindikatuak. "Asko dago egiteko, asko ibiltzeko. Baina orain ospakizunean murgilduta gaude, hau ospatu beharra dago, zeren arrakasta erabatekoa da enplegu-erregulazioko espedientea paretik kendu izana. Indargabetu dugu batasunari, denon esfortzuari, langileen erabakimenari esker". Bideo honetan Aiaraldeari eskaini dizkion adierazpenak, osorik: