argia.eus
INPRIMATU
Basajaun elkartea
Sukalde komunitarioak bultzatzeko konfederazioa Donostialdean
  • Duela lau bat urte, pandemia aurretik, Donostiako Herrera auzoko zenbait lagun sukalde komunitario bat sortzeko ideiarekin elkartu ziren. “Auzoko elkarte gastronomikoak hutsak egoten dira astean zehar, eta horiek aprobetxatzea zen hasierako ideia”, azaldu du Unax Seges Intxausti proiektuko kideak. Elkarte gastronomikotik erabilpen gutxi zuen auzoko zahar-etxeko sukaldera pasatu ziren gero, baina hasierako filosofia berarekin segitu dute bertan: asteroko menuak eskaintzea, hurbileko produktuak erabiliz, modu etikoan sukaldean prestatuz eta komunitatearekin zuzeneko harremana bultzatuz. Ez dute Herrerako esperientzia kasu isolatu bat izatea nahi, ordea, eta eredua zabaltzeko asmoz eta antzeko proiektu gehiago pizteko, sukalde komunitarioen konfederazioa sortzen ari dira. Basajaun izena du elkarteak.

Garazi Zabaleta 2023ko abenduaren 11

Menu desberdinak proposatzen dituzte Herrerako sukaldeko kideek, eta bazkideek aldez aurretik egiten dituzte eskaerak. “Horrela, badakigu zehazki zenbat menu prestatu behar ditugun, eta erosketa horren arabera planteatzen dugu, soberakinik ez izateko”, azaldu du kideak. Garaiko eta bertako produktuak darabiltzate, tokiko denda txikietan egiten dituzte erosketak, ahal den neurrian. Herreran 230 bazkide inguru dira sukaldean, baina eskaera finkoak egiten dituztenak 35 bat direla kalkulatu du kideak. Herreratik Grosera ere zabaldu zuten ekimena, eta han, beste hainbeste bazkide finko dituzte. “Guztira 70 bat menu egiten ditugu astero, baina beste hainbeste egiteko ahalmena badugu, beraz, zabaltzea da ideia”, gehitu du.

Astelehenero eskaintzen dizkiete menuak bazkideei, eta horiek, plataforma baten bidez egiten dute hurrengo asteko menuen eskaera. Lau eta zortzi plater artean aukera ditzakete, eta postreren bat ere gehitu dezakete saskian. “Hurrengo astean, behin menuak prest egonda, horien bila datoz bazkideak. Momentuz, Herrerako zahar-etxean eta Groseko Marruma elkartean ditugu puntuak”. Menuak astelehen eta asteazkenetan prestatzen dituzte, eta banaketa, berriz, astelehen arratsaldean, astearte goizean, asteazken arratsaldean eta ostegun goizean egiten dute. Bost lagun ari dira lanean sukalde komunitarioan, jardunaldi mota desberdinekin. “Asmoa da bost horiek lan finkoa izatea, baina poliki-poliki goaz”, dio.

Basajaun elkartea, sukalde komunitarioen elkargunea

Urteotako Herrerako esperientzia beste auzo eta herri batzuetara eramateko modukoa dela uste dute proiektuko kideek, eta horregatik erabaki dute duela gutxi sukalde komunitarioen konfederazioa sortzea. “Gure esperientziak, tresneria eta ezagupenak jendeari zabaldu nahi dizkiogu, baita koordinazioa ere”, dio kideak. Beste kontsumo eredu baten aldeko ekimenak bultzatu nahi dituzte, sukalde komunitario txiki gehiago sortzen lagunduz. Momentuz, menuen banaketa Oreretara zabalduko dute, bazkidetza kanpaina betean daude han; eta Egian ere, gauza bera planteatzen ari dira. “Kamera hotz bat egon daitekeen tokietan muntatu daiteke banaketa puntua. Hori, hasteko. Bigarren ideia komunitate berriak sortzea da, sukaldean egiteko toki propioarekin”, azaldu du.