argia.eus
INPRIMATU
Sukalde eta garbiketako grebaren lehen egunak %70etik gorako jarraipena izan du ostegunean, sindikatuen arabera
  • Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.

Uriola.eus @uriolaeus 2025eko urtarrilaren 31
Bilbon egindako giza katea LAB sindikatua

LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako grebak jarraipen zabala izan du ostegunean. Sindikatuek, beste behin ere, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu dute, izan ere, kolektibo honen greba eskubidea baldintzatu nahi izan duela adierazi dute: “Gehiegizko zerbitzu minimoak ezarriz, hauek ezartzen dituen aginduan egindako akatsak azken orduan zuzenduz eta zerbitzu minimoen aplikazioan interpretazio zorrotzegiak erabiliaz”.

Hala ere, greba egiteko aukera izan duten langileen artean, %70etik gorako jarraipena izan du. Honen adibide da “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean izandako giza katean ehunka langile elkartu izana.

Sindikatuek adierazi dute kolektibo hau da zalantzarik gabe feminizatuena den Hezkuntza saileko esparrua dela. “Lan baldintza prekarioenak ere baditu eta pribatizazio prozesu handiena bizi du”, gehitu dute. 2009 urtetik hitzarmena, eta ondorioz lan baldintzak, eguneratu gabe dituzte langileek.

Azkenengo negoziazio mahaia urtarrilaren 27an izan zen, sailak deituta. Halaber, nabarmendu dute, ez zela fundamentuzko edukirik mahai gaineratu eta greba deialdia bertan behera uzteko aurreakordio proposamena egin nahi izan zutela. Edukirik gabeko bilerak deitzeari uzteko eta aldarrikapen hauei erantzungo dion proposamena jorratzeko eskatu diote ostegunean langileek Hezkuntza Sailari.

Ostiralean ere greba eguna da hezkuntza publikoko sukaldeetan eta garbiketan. Kontzentrazioak burutuko dituzte EAEko hiru hiriburuetako Hezkuntza ordezkaritzetan, goizeko 11:30ean.