Zuricheko irakurle batek abisatu digu: "Guztioi etxera iodo tabletak banatuko dizkigute, zentral nuklear baten inguruko 50 kilometroen barruan gaudelako". Suitzako Gobernu federalak erabaki berria du nuklearren inguruko babes eremua 20 kilometroko radiotik 50era zabaltzea. Ondorioz, herritar bakoitzari, zentralen jabeek pagatuta, 12na pilula bidaliko zaizkio datorren udazkenean postaz.
Tages-Anzeiger egunkariak eman ditu xehetasun gehiago alemanez eta frantsesezko guneen artean Bluewinen leitu daiteke: "Comprimés d'iode à distribuer à 4,6 millions de citoyens".
Zentral nuklear batek erradioaktibitatea isurtzen duenean, inguruko populazioari iodoa banatu behar zaio istripuaren ondorengo 12 orduen barnean, isuri erradioaktiboetako batek, 131-Iodoak, tiroideetan eta gizakien beste zenbait ataletan ekarriko dituzten kalteak saihesteko. Suitzako agintariek argudiatu dute neurri berria ez dutela hartu Fukushimako istripuaren ostean Suitzako zentralen arriskua handiagotzat daukatelako, baizik eta 12 ordu kritiko horien barruan hainbeste jenderi iodoa banatzea ezinezkoa izango litzatekeelako. Hala ere, orain babes eremua 50 kilometrora zabaldurik, Zurich, Basilea eta Luzerna bezalako hirietako jendeei ere banatuko zaie. Irudi eta public relations aldetik ez zitzaien askorik gustatuko zentralen jabeei...
Greenpeace erakunde antinuklearreko arduradunek kritikatu dute neurria, iodo tabletak modu indiskriminatuan banatzea neurri kosmetikoa delakoan. Gerra Nuklearra Saihestearen aldeko Medikuen ordezkari Martin Walterrek argitu du iodo pilulek eragina daukatela zentral nuklearrek isuri ditzaketen 30 isotopo baino gehiagoren arteko bakar batentzako. "Horrelako pilula hartuz lortuko duzu tiroideko minbizirik ez izatea, baina ez leuzemia edo bestelako beste edozein kantzer hartzea".
24 Heures egunkariak urrian jakinarazi zuenez, joan den udan erabaki zuen Suitzan segurtasun nuklearraz okupatzen den erakunde publikoak Fukushimakoak ikusita ez zela aski zentralen inguruko 20 kilometroko babes eremuarekin, pilulak suitzar guztien etxeetan egon beharko luketela dagoenekoz. Baina hori egitea 20 milioi franko kostako litzatekeenez (16 milioi euro) asko eztabaidatu da ea nork egin beharko zuen pastillen erosketa eta banatzearen gastuen kargu.
Euskal Herrira etorrita, Suitzako neurria hartu baleza Eusko Jaurlaritzak, Nuclenorrek pagaturik iodina pilulak banatu beharko lizkieke Santa Maria de Garoñatik 50 kilometro baino gutxiagora dagoen Gasteizko herritarrei