argia.eus
INPRIMATU
Suitzak enpresetako goi kargudunei ordainketak kontrolatzeko legea onartu du
  • Suitzarrek exekutiboen soldaten kontrolerako legea onartu dute. Erreferendumak %68ko babesa lortu du. Hemendik aurrera akziodunek beto eskubidea izango dute enpresen goi karguek jasotzen dituzten konpentsazio ordainketak galarazteko. Kudeatzaileek jasotzen duten diru guztia ere aitortu beharko dute enpresek.

Martin Vicioso @martinvicioso 2013ko martxoaren 04a
Thomas Minder senatari eta enpresariak bultzatu du galdeketa (Argazkia: rt.com)

Suitzan erreferendumari buruzko eztabaidak luzerako eman du. Izan ere, azken hilabetetan jendea legearen alde jartzea eragin du hainbat gertakarik. Esaterako, UBS banku suitzarra erortzear egon da exekutiboek jasotako hobariengatik, eta Novartis enpresako zuzendariak 78 miloi euroko ordainsaria jaso zuen elkartea uztean, konpetentziara ez joatearen truke.

Economiesuisse enpresarien lobbyak neurriaren kontra egin du hasieratik. Haien ustez, langabezia areagotu, lehiakortasuna suntsitu eta inbertitzaileak aldenduko ditu. Legearen aldekoek diotenez berriz, Suitzaren legedia negozioentzat nahikoa erakargarria da, eta ez da kalterik egongo.

Gai honetan Suitzak Herbehereen eta Danimarkaren antzeko legedia izango du.