argia.eus
INPRIMATU
Araba eta Gipuzkoako foru suhiltzaileei ez die utzi oposizioak euskaraz egiten administrazio publikoak
  • Eusko Jaurlaritzaren Arkautiko Polizia Akademiak ez die aukerarik eman Araba eta Gipuzkoako oposizioetako hautagaiei azterketa psikoteknikoa euskaraz egiteko, nahiz eta hasieran esan posible zela. ELAk demanda jarri du epaitegian, eta Arartekoak ebatzi du euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu dituztela.

ARGIA @argia 2023ko maiatzaren 30
Araba eta Gipuzkoako 2022ko oposizioen azterketa psikoteknikoa baliogabetzeko exijitu du ELAk. Argazkia: Arabako Foru Aldundia.

Araba eta Gipuzkoako suhiltzaileek abenduan irregulartasunak salatu zituzten 2022ko azaroko oposizioaren gainean. Besteak beste, kexa nagusietako bat izan zen hautaketa proba Jaurlaritzaren polizia akademiaren mende utzi izana, eta azterketa psikoteknikoak garrantzia handiegia izatea. Orain, beste kexu bat salatu dute, euskarari dagokiona.

ELA sindikatuak salatu du Arkautik ukatu egin diela Araba eta Gipuzkoako suhiltzaileei oposizioetako azterketa psikoteknikoa euskaraz egin ahal izatea, nahiz eta hautagaiek espresuki hala eskatu. Prozedura ez daukate homologatuta euskaraz egiteko.

Gainerako azterketa teorikoa zuzenean gazteleraz egin zuten: “Bestelako azterketak ere euskaraz egin nahi izan zituzten, baina ikasketa material gehiena gaztelania hutsez egonik gaztelaniaz egitera behartuta ikusi zuten beren burua”, azaldu du ELAk.

Sindikatuak demanda aurkeztu du epaitegian, eta Arartekoak ere ebatzi du euskaldunen hizkuntza eskubideak urratu dituztela Arkautiko hautaketa prozesuan. Azterketa gazteleraz egin behar izatearen ondorioak azpimarratu ditu ELAk: “Ikasketa prozesu luzea eta gero, hautaketa froga bat gaztelaniaz egin behar izateak hautagaiei zailtasun gehigarri bat dakarkie”.

Gainera, hasiera batean uste zuten euskaraz izango zela, eta egunean bertan jakin zuten ez zegoela horretarako aukerarik. Sindikatuak argitu duenez, 2022ko azaroko azterketa baino hilabete lehenago epaimahaiari galdetu zioten ea psikoteknikoa euskaraz egin ahal izango zuten, eta baiezkoa eman zieten. Ez zen hala izan, eta hautagaiek erreklamazioak jarri dituzte, baina atzera bota dituzte denak.

ELAk salatu du hizkuntza eskubide urraketa larria dela, kontuan izanda oposizio publikoa dela. Ohartarazi du administrazioak eragindako estres linguistikoak hautagaiak bultzatzen dituela azterketak zuzenean gazteleraz egitera. Arkautiri exijitu diote 2022ko oposizioetako azterketa psikoteknikoa baliogabetzea eta berriro euskaraz egiteko aukera ematea edo kalifikazioa moldatzea.