argia.eus
INPRIMATU
Sudango paramilitarrek asteburuan 300 zibil hil dituztela salatu dute, eta krisi humanitarioa areagotzen ari da
  • Giza eskubideen aldeko Sudango abokatu talde baten arabera, Sudan mendebaldeko hainbat herrixkari eraso egin zieten larunbatean eta igandean, eta zibilak tiroz hil edota bizirik erre zituzten, etxeetan giltzapetuta. UNICEFek salatu du Ipar Darfurgo 40.000 haur artatu zituztela elikagai eskasiagatik urtarriletik maiatzera bitartean. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 16a
Hainbat lagun ilara egiten janaria eta edaria eskuratzeko, Jartumen. UNICEF

Mundua beste alde batera begira dagoen bitartean, 2023ko apirilean Sudanen hasi zen gerrak odola isurtzen jarraitzen du: giza eskubideen aldeko Sudango abokatu talde batek ohar batean salatu du RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak 300 zibil hil dituela asteburuan Ipar Kordofan estatuan. Oharraren arabera, larunbatean eta igandean herrialde mendebaldeko hainbat herrixkari eraso egin zieten RSFkoek, eta zibilak tiroz hil edota bizirik erre zituzten, etxeetan giltzapetzera behartu ostean etxeei su emanda.

Gizadiaren aurkako krimenak egitea egotzi die giza eskubideen aldeko taldeak RSFkoei, Sudango zenbait eremuren kontrola hartzerakoan indarkeria erabiltzeagatik. Abdel Fattah Al-Burhan jenerala buru den Sudango armadarekin piztutako gatazkan, talde paramilitarrak kontrolpean du herrialdeko mendebaldea –Ipar Kordofan barne–, eta eremu horretan bi aldeen arteko borrokak areagotu egin dira azken asteetan.

Hondamenditik gertu

Gatazka hasi zenetik, eguneroko ogia bihurtu den muturreko biolentzian murgilduta dago herrialdea. NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, mundu osoko krisi humanitariorik "larriena" bizitzen ari dira Sudanen: erakunde berak argitaratutako datuen arabera, ia biztanleriaren erdiak –26 milioi pertsona– jasaten du elikagai eskasia, eta gatazka piztu zenetik gutxienez 13 milioi lagunek alde egin behar izan dute euren bizilekuetatik.

Esaterako, RSFk ia osorik kontrolpean duen eremuetako bat Darfur da, bost estatuk osatzen duten eskualdea. Horietako bat Ipar Darfur da, eta UNICEFek joan den astean jakinarazi zuen estatu horretako 40.000 ume artatu zituztela elikagai eskasiagatik urtarriletik maiatzera bitartean. NBEren erakunde horrek Sudanen duen ordezkariak, Sheldon Yettsek, ohartarazi zuen egoerak "okerrera" egin dezakeela neurriak ez hartuz gero: "Haurren bizitzak honen menpe daude: munduak beste alde batera begiratuko duen edo ez".