NBEren esanetan, gatazka hasi zenetik gutxienez 13 milioi sudandarrek euren bizilekuetatik alde egin behar izan dute, eta biztanleriaren erdiak elikagai eskasia du. RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarrak asteburuan egin dio eraso Darfur eskualdeari, eta gutxienez 350 pertsona hil eta ehunka zauritu ditu, eskualdeko Osasun ministroaren arabera.
2023ko apirilean hasi zen gerra Sudanen, Sudango armadaren eta RSF Laguntza Azkarrerako Indarrak talde paramilitarraren arteko borrokak lehertu ostean. Ordutik, eguneroko ogia bihurtu den muturreko biolentzian murgilduta dago herrialdea. NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan, mundu osoko krisi humanitariorik "larriena" bizitzen ari dira Sudanen: erakunde berak argitaratutako datuen arabera, ia biztanleriaren erdiak –26 milioi pertsona– jasaten du elikagai eskasia, eta gatazka piztu zenetik gutxienez 13 milioi lagunek alde egin behar izan dute euren bizilekuetatik.
Sudan demokraziarako trantsizioan zela lehertu ziren borrokak bi taldeen artean: 2019an Omar Al-Baxir diktadorea boteretik kendu zuten militarrek, 30 urtez presidente izan eta gero. Urte horretan Trantsiziorako Kontseilu Subiranoa sortu zuten, zibilek gidatutako gobernu demokratikoa eratzeko helburuz. Lider zibilen eta militarren arteko desadostasunak zirela eta, 2021eko urrian estatu kolpea jo zuten militarrek.
Trantsiziorako Kontseilu Subiranoko de facto presidentea Abdel Fattah Al-Burhan jenerala da, armadaren aldekoa. Haren ondokoa, berriz, Mohamed Hamdan Dagalo Hemedti jenerala da, Al-Baxir presidente ohiak eratu zuen RSF talde paramilitarreko burua. Hain zuzen, Dagalo Hemedti jenerala buru den taldeak Sudango armadan izan behar duen lekuaren inguruko eztabaidek eragin zuten bi aldeen arteko zatiketa, eta ondoren bien arteko borrokak.
Odola isurtzen jarraitzen dute
Khartum hiriburua izan zen borrokaren erdigunea gerraren lehen uneetan, baina berehala zabaldu zen biolentzia herrialde osora. Egun, bi zatitan banatuta dago Sudan: iparraldea eta ekialdea armadak kontrolatzen ditu, eta hegoaldeko hainbat zati eta Darfur eskualdeko eremu handi bat, berriz, RSFk. Hain zuzen, talde paramilitarrak eskualde horretako Zamzam eta Abu Xuk eremuei egin die eraso asteburuan, baita Al Faxer hiriari ere.
Darfur eskualdeko Osasun ministro Babaker Hamdinek prentsaurreko batean jakinarazi du eraso horietan gutxienez 350 pertsona hil eta ehunka zauritu dituztela Dagalo Hemedti jeneralaren aldeko milizianoek. Hamdinek salatu du Al Faxer hirian bizi diren zibilek "egoera latzak" bizi dituztela, RSFk duela urtebetetik eragindako setioa dela eta: "Egoera humanitarioa tamalgarria eta eskasa da, ez dago ez elikagairik ezta botikarik ere."