argia.eus
INPRIMATU
Subilla Gasteizeko herritarrei protagonismoa emanez hasi da Frackanpada
  • Ekitaldi xume batez abiatu da uztailaren 19ra arte Subillako zelaietan egingo den frackingaren aurkako kanpaldia. Hain zuzen ere, bertako herritarrek mobilizazioa antolatzeko eman dituzten erraztasunak eskertu ditu Fracking Ez plataformako bozeramale Mikel Oterok.

Unai Brea @unaibrea2 2015eko uztailaren 13a
Subillako ume batzuei ebaki dute Frackanpadako sarrerako zinta sinbolikoa (Arg.: Unai Brea).

Subillatarren inplikazioa frackingari aurre egin dioten milaka euskal herritarren ikurtzat jo du Oterok. “Ez genuen frackingaren aldeko lobbyaren eta industriaren aurka egiterik izango herriaren botereaz baliatu ezean”, esan du bertaratutako 50en bat lagunen aurrean.

Frackanpadaren nazioarteko izaera ere nabarmendu dute hasierako ekitaldian. Manchester inguruan haustura hidraulikoaren aurkako borrokan diharduen Rachel Thompsonek adierazi duenez, “jakin badakigu borrokaren hurrengo zikloa aurrekoak baino zailagoa izango dela , baina batera lan eginda mugimendu sendoa ehuntzeko gauza izango gara”.

Arratsaldean hasiko dira eztabaida saioak, horietan lehenbizikoa “Euskal Herriko Ama Lurraren aldeko borrokei” eskainia. Azken 40 urteetako hainbat egitasmo eta haien kontra sortutako erantzunak izango dituzte gogoan (Lemoiz, Leitzaran, Itoitz, AHT…) Juantxo Estebaranz militante ekologistak gidatuko duen eztabaidan.

Frackanpadaren egitarau osoa hemen