argia.eus
INPRIMATU
Subflubiala Ez plataformak protesta zaratatsua egin du Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean
  • Subflubialaren behin betiko proiektua onartu zuenez Aldundiak pasa den astean, eta dozenaka pertsona batu dira proiektua gelditzea eskatzeko.

Jon Fernández González 2025eko uztailaren 22a
Sublfubiala Ez plataformaren protesta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean. Subflubiala Ez

Ehunka milioiko kostua daukan obrak, gastu izugarria izateaz gain, "hainbat albokalte" sortuko dituela salatu du plataformak prentsa ohar batean. Leherketak nabarmendu ditu mehatxu nagusi gisa: hasiera batean Artatza (Leioa) parkean soilik egingo zituzten, baina orain "azterketa zorrotzik gabe ibilbideko beste tarte batzuetara zabaltzeko" asmoa dute. Leherketek zarata eta bibrazio "arriskutsuak" sortu, eta PM 2.5 partikula kutsakorrak kanporatuko dituztela adierazi du.

Plataformak salatu du ere Ballontiko (Portugalete) biaduktua eraikitzeko ingurumen inpaktuaren ebaluazio negatibo bat justifikaziorik gabe baztertu duela aldundiak, eta obra horrek Galindoko (Sestao) berdeguneekin amaituko lukeela. Aldundia "Mugikortasun ikuspegi zaharkituan" jarraitzen duela esan dute, autoak soilik garraiatzeko asmoa daukan proiektua dela arrazoituta. Behin betiko proiektutik hain zuzen ere metroa egiteko planak kendu dituztela azaldu du El Correok. Gauzak horrela, proiektua egunero 50.000 ibilgailu garraiatzeko aurreikusita egongo da bestelako garraiobiderik gabe.

Arrazoi horiek direla eta Subflubiala Ez plataformak proiektua geldiaraztea eskatu du astelehenean. "Subflubiala ez da aurrerapena, atzerapausoa da klima larrialdiaren kontrako borrokan eta mehatxua da osasunarentzako". Plataformak mobilizatzen jarraituko duela adierazi du, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte urriaren 18an Bilbon egingo duten manifestaziora. Subflubialaren obrak, 2026an hasi eta 2032an bukatzea dago aurreikusia.