argia.eus
INPRIMATU
Herri Urratsen 40.ediziorako abestia, Su Ta Garren eskutik
  • Urratsak zubi izango da maiatzaren 14an ospatuko den Herri Urratsen kantua. Iparraldeko Ikastolen aldeko festak 40 urte beteko ditu aurten, eta astearteko aurkezpenean Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzaileak adierazi du, "historiara pasako den abestia" izango dela.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko martxoaren 15
Argazkia: Su Ta Gar Urratsak Zubi bideoklipa.

Herri Urratsek 40 urte beteko ditu aurten, eta Su Ta Gar musika taldeak aurtengo kantua egin du. Abestia eta bideoklipa eskuragarri jarri dute plataforma digital nagusietan: Urratsak zubi du izena. Maiatzaren 14an egingo dute ikastolen aldeko jaia Senperen (Lapurdi) eta aldarrikapenek leku garrantzitsua izango dute.

Aitor Gorosabel eta Xabi Bastiba Su Ta Garreko taldekideak, Inge Arin bideokliparen egilea eta Koldo Rodriguez Herri Urratseko koordinatzailea asteartean egindako aurkezpenean izan dira.

Kazeta hedabideak jaso duenez, taldeko kide Bastidak aitortu du pozik jaso zuela abestia egiteko proposamena. Adierazi du "lasai asko" gerta zitekeela taldearen ibilbidean hau ez gertatzea, eta aldarrikapenek eta ideologikoki "identifikatuak" sentitu direla. Gorosabelek adierazi du "ohore bat" izan dela abestia egitea, eta, era berean, "mundu guztiarentzat egokia" den kantu bat sortu nahi izan dutela, taldearen estiloa alde batera utzi gabe.

Koldo Rodriguezen esanetan, "historiara pasako den abestia" izango da: "Esanahi berezia du Su Ta Garrek, Urratsak Zubi dugu lema eta uste dugu belaunaldien arteko zubia eraiki duela".

Inge Arin bideokliparen ekoizleak collage teknika hautatu duela azaldu du. Kazetak azaldu du hastapenetik jakin zuela ez zituela musikariak soilik musika jotzen erakutsi nahi.