Su-etenik ez Amedeko batailan

  • Amedeko (Diyarbakir) hiri zaharra inguratzen duten harresietako gaina da Sur auzoaren suntsiketaz jabetzeko lekurik aproposena. Handik ikusten da hondamendiaren tamaina. Milaka lagun bizi ziren auzoa hondakin bihurtu dute. Soilik hondeamakinak eta bi mezkita ikus daitezke triskantzaren erdian. Ez da kasualitatea. Turkiako estatuaren proiektua islatzen dituzten elementuak dira: hondeamakinak eta hondakinak herri kurduaren suntsiketaren adierazle; mezkitak AKPren proiektu islamizatzailearen ikur.

Euskal Herriko brigada Newroz-en
2018ko apirilaren 03a
Argazkia: Kauldi Iriondo

Amed 930.000 biztanleko hiria da, Bakurreko (Turkiako Kurdistan) hiriburua. Hiri zahar hau gertakizun askoren lekukoa izan da. Pasarte gehienek herri kurduaren erresistentzia dute protagonista. Amedeko biztanleriaren gehiengoa kurdua da, soilik ehuneko txiki batek du jatorri turkiarra. Horietako asko poliziak eta funtzionarioak dira. Urteen poderioz, asko hedatu da hiria. Horren arrazoi nagusietako bat izan dira 90. hamarkadan Turkiako estatuak herri askoren kontrako eraso militarrak. PKK (Kurdistango Langileen Alderdia) ahultzeko nahian ehundaka herri suntsitu eta erraustu zituen Turkiak. Suntsipenetik ihesitako askok Ameden hartu zuten babes, hiri zaharreko harresietatik kanpo, Surreko auzoan bertan.

Surreko auzoaren suntsiketa Bakur eskualdeko beste herri batzuk desagerrarazteko planaren barruan zegoen. 2013-2015eko PKK eta Turkiako gobernuaren arteko bake-elkarrizketak burutzen ari ziren bitartean, Turkiako gobernuak plan hau antolatu zuen. Garai hura baliatu zuen Turkiako estatuak militarki indartzeko, baita planaren ezaugarriak zehazteko ere, plana burutzeko zenbat pertsona hil beharko lituzkete definitzeraino. Bakurreko beste 12 barruti ere jomugan zeuden: HDPk (kurduen alderdia) bozen gehiengoa (%92a) lortu zuen eremuetan, alegia.

Turkiako estatuak bake-elkarrizketak zapuztu zituenean, Kurdistango Askapenerako Mugimenduak autonomia demokratikoa aldarrikatu zuen eta aipatutako barrutietan indarrean jartzeari ekin zioten. Zonalde askatuak ziren horiek, Konfederalismo Demokratikoaren ideiei jarraituz autogobernua eraikitzeko sortuak. Orduan jaio ziren YPS eta YPS-JIN milizia kurduak, Turkiako armadaren oldarraldiari aurre egiteko eta eremu hauek defendatzeko. Autonomia demokratikoaren aldarrikapenaren ostean, Turkiako armadak sarraski handiak egin zituen. Ameden, eta bereziki Surren, era gordinean bizi izan zen gatazka hau.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Biziberritze artifiziala

2016ko guda aitzakiatzat hartuz, Turkiako Gobernuak Surreko auzo ugari suntsitu ditu. Jabetzak nola edo hala lapurtu eta hondeamakinak sartu dituzte den-dena lurrera botatzeko. Hau izan da jokabidea. Horrek lekualdatze masiboa eragin du 35.000 desplazatu inguru sortuz. Egun tiro hotsak aspaldi ez entzun arren, aurrera jarraitzen du Turkiako Gobernuaren proiektuak.

Zenbakiak argi mintzo dira: 148 hektarea ditu Surrek eta horietako 46 suntsitu dituzte. Beste 75 hektaretako eremura ezin da sartu: dena hesitu dute hondamendia ikusezin bihurtzeko.

Baina ez da suntsiketa hutsa Turkiako gobernuaren helburua. Eraikinen eraisketarekin batera, Sur berreraikitzeari ekin diote. Porlanaren negozioa lagun, aberatsentzako auzoak sortzen ari dira. Surreko memoriarekiko arrotzak suertatzen diren eraikinak ugarituz, auzo artifiziala sortzen ari dira. Garestituz doa pixkanaka-pixkanaka Surreko bizimodua. Jatorrizko auzokideek ezin diote garestitzeari aurre egin.

Militarizazio prozesuaren beste atal bat da. Sei polizia-etxe egin dituzte azken 3 urteetan. Hondatutako errepideak, lehen estuak eta bihurgunetsuak izanik, zabalak berregin dituzte, Poliziaren eta militarren auto blindatuak erraz pasa daitezen. Surreko harresiko sarreretan checkpoint iraunkorrak ezarri dituzte eta edonon aurki daitezke kalez jantzitako poliziak. Poliziaren presentzia itogarria da.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Inposaketaren tresnak

Hastapenetan, indarkeria eta auzoaren suntsiketa erabili arren, orain beste tresna batzuk baliatzen ari da Turkiako gobernua bere proiektua aurrera eramateko.

Dagoeneko, auzoaren %90a Turkiako Estatuarena da. 2017ko Newroz-en (martxoak 21) ostean desjabetzeak egiten hasi ziren. Hala ere, 2016ko gatazka armatua baino lehen hasitako joera da: 2012an Amedeko udaletxeak eta Turkiako gobernuak akordioa sinatu zuten Surreko biztanleria lekualdatzeko eta kanpoaldeko eraikin berrietara bidaltzeko. Bizitzarik gabeko auzoak dira hauek: eraikin altuak eta mimetikoak, komertziorik gabekoak.

Gainera, kasu askotan desjabetzeengatik familiei agindutako 10.000 (2.125 euro inguru) lirako kalte-ordainketa ez da inoiz heldu. Familiek etxe berrietako alokairuei aurre egiteko arazoak dituzte. Askok eta askok senide edo ezagunen etxeetan bilatu dute babesa.

Desjabetze hauek aurrera eramateko, Turkiako gobernuak bere menpe dituen tresna guztiak erabili ditu. Elektrizitatea eta ur hornidura moztea edo osasun eta hezkuntza zerbitzuak Surretik beste auzoetara mugiaraztea, adibidez. Hala eta guztiz ere, bere kabuz ez mugitzeko erabakia hartu duten familien kasuetan, hondeamakinak erabili dituzte etxeak lurrera botatzeko.

Degradazio soziala ere sustatu dute. Turkiako Gobernuak drogak eta prostituzioa sartu ditu Surreko kaleetan. Bizimodua gaiztotzearekin batera, gazteriaren desmobilizazioa bilatu dute drogen hedapenarekin. Ukaezina da Sur auzo politizatua zela. Familia asko Surrera etorriak ziren gatazka armatuaren eta Turkiako armadaren jazarpenaren eraginez. Kurdistango Askapen Mugimenduak auzotar gehienen babesa zuen. Horren erakusle, 2016ko Turkiako armadaren oldarraldiari eman zitzaion erantzuna.

Argazkia: Kauldi Iriondo

Herri kurduaren bizimodua jo-puntuan

Harreman sozialei eragiten die Turkiako Gobernuaren ofentsibak. Amedeko basaltozko harresi ospetsuez gain, Amed eta Surreko etxe tradizionalek ere historia luzea dute. Ameden bizi izan diren armeniarren eta kurduen aztarna dira.

Harreman berezia dute eraikin eta kaleen antolaketak eta kurduen identitatearen eraikuntza sozialak. Herri kurduaren idiosinkrasiaren erakusle dira eraikinak. Kurduen jendarteak komunitatea du oinarri. Kale estuek auzokideen artean harremanak sustatzen dituzten ingurua osatzen dute. Dendatxoek, tailerrek, eraikin armeniarrek eta kafetegiek arriskuan dagoen geografia soziala konposatzen dute. Eraikin askotako erdigunea patio bat izatea ez da kasualitatea. Familien arteko topagune dira. Historian familia hauek pairatutako jazarpenek haien arteko elkar laguntza eta auzolana garatzea ekarri du.

Erresistentzia modu berri bat

Baina hondamendi honen aurrean ez dira geldirik egon. Duela urtebete Sur Babesteko Plataforma sortu zen. Izenak ongi aditzera ematen duen moduan, plataformaren helburua Sur babestea da: auzoaren idiosinkrasia bere horretan mantentzea. Plataforman hainbat eragile dago (feministak, ekologistak, alderdi ezkertiarrak…) eta plataformako kideen arabera 1.000 bat ekintzailek parte hartzen dute.

Lehen hilabete hauetan sentsibilizazio kanpainari ekin diote. Auzokideekin bilerak egiten dituzte egoera gordinaz hausnartzeko. Surreko biztanleak mobilizatzea dute helburu. Horrekin batera, Amedeko eragileekin batzartzen ari dira, gero eta babes handiagoa lortze aldera.

Bide legala ez dute baztertu. Desjabetutako familiekin batera, espropiazioaren kontra prozedura judizialari hasiera eman diote desjabetzeak salatuz. Turkiako Justizia kolapsatuta dagoela probestuz, salaketek ez dute ez aurrera ez atzera egin. Gauzak horrela, desjabetzeak eta lekualdatzeak ez dira ikertu nahiz eta ilegalak izateko zantzuak egon.

Kurdistango gatazka politikoa laburbiltzen duen adibidea da Amedeko bataila. Turkiak erasoaldia militarra eta garbiketa etniko-kulturala uztartu ditu herri kurdua suntsitzeko. Baina egoera zaila izan arren, Kurdistango Askapen Mugimendua, borrokarako bide guztiak baliatuz, bere proiektu politikoa garatzen ari da: Konfederalismo Demokratikoa.

Argazkia: Kauldi Iriondo

 

Kanal hauetan artxibatua: Kurdistan  |  Turkia

Kurdistan kanaletik interesatuko zaizu...
2018-05-17 | Iņaki Etaio
Kazetaritza Bakurren: artazi turkiarrean saltoka
2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da seigarrena.

2018-05-16 | Iņaki Etaio
HDP eta DBP, labana turkiarraren sorbatzean

2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da bosgarrena.


Gerrilla kurdu batek hamabost soldadu turkiar hil ditu

Herriaren Defentsarako Indarrak (HPG) talde matxino kurduak Kurdistan hegoaldeko Bradost eskualdean  ezarri den Turkiako unitate militar baten aurka eraso egin eta hamabost soldadu hil ditu astelehenean, ANF agentziak jaso duenez.


2018-05-08 | Iņaki Etaio
Hirigintza eta populazio-ingeniaritza: hondeagailuaren legea

2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da laugarrena.


2018-05-03 | Iņaki Etaio
Kurdistango 'berun urteak' Turkiako mazopean

2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da hirugarrena.


2018-05-02 | Iņaki Etaio
Kurdistan, gortina turkiarraren atzean

2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da bigarrena.


2018-05-02 | Arabako Alea
"Turkia geroz eta autoritarioagoa bihurtzen ari da, bereziki herri kurduarekin"

Newroz izeneko kurduen egun handira joan da Igarki de Robles, Euskal Herriko delegazio internazionalistako kidea Turkian, kurduekiko elkartasuna adieraztera.


2018-04-27 | Iņaki Etaio
Kurdistan: existitzea nahi ez duten herria

2018ko udaberrian Ipar Kurdistanera –Bakur– euskal delegazio bat joan zen hango egoera lehen eskutik ezagutzera. Iñaki Etaio partaideetako bat izan zen eta bidaian ezagututakoa bederatzi artikulutan jaso du. Hau da lehena.


Newroz piroz be

Udaberriarekin batera ehunka milaka kurduk ospatu dute beren egunik handiena: Newroz, urte berria. Kurdistan, estaturik gabeko munduko herririk handiena –bost estatutan zatituta–, gerrak inguratuta bizi dira.


2018-03-26 | Aitor Aspuru Saez
Borrokan hildakoek eta lagunek piztu zuten Newroz-aren sua Bilbon

Martxoaren 23an ospatu zuten Newroza, urte berri kurdua, Bilbo Zaharreko plazan hainbat lagunek. Ekitaldi xume eta hunkigarria izan zen. Une latzak dira Kurdistango Askapen Mugimenduarentzat, baina zapalkuntzari ohitu den herri horrentzat inoiz ez dira garai oparoak, eta horrek ez dio dantzatzeko gogoak kentzen.


Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude