Igandetik indarrean da Hamasek eta Israelek nazioarteko bitartekaritzarekin adostutako su-etena. Lehen egunean 69 emakume eta 21 nerabe askatu ditu Israelek, horietako bederatzi adingabeak, eta Hamasek hiru israeldar. Gazara laguntza humanitarioko 630 kamioi ere sartu dira.
Askatu berri dituzten palestinarretako batzuk urtebete baino gehiago eman dute espetxean bakarturik. Askatuen artean Khalida Jarrar politikari eta aktibista eta Bushra al-Tawil kazetaria nabarmendu dituzte. Hamasek askatu dituen hiru israeldarrak urriaren 7ko erasoan gatibu hartutakoak dira. Akordioaren arabera, su-etenaren lehen fase honen barnean Hamasek 33 israeldar bahitu askatuko ditu datozen asteetan, eta Israelek 1.890 preso palestinar askatzeko konpromisoa hartu du.
Akordioaren hurrengo faseetan, Israelen eta Hamasek gerraren behin betiko amaiera lortzeko negoziazioak hasi beharko lituzkete. Edonola ere, Netanyahuk ziurtatu du AEBen "babes osoa" duela negoziazioak bertan behera uzteko “Israelek bigarren faseko negoziazioak inora ez doazela uste badu”.
Laguntza humanitarioa
Bien bitartean, laguntza humanitarioz betetako 630 kamioi sartu dira Gazan igandean. Kamioiak mugan eman dituzte egunak su-etena indarrean sartu zain, orain arte eraso zuzenekin eragotzi baitu pasoa Israelek. Tom Fletcher NBEko Gai Humanitarioetarako idazkariorde nagusiak eta larrialdietarako koordinatzaileak adierazi du ez dagoela denborarik galtzeko, eta beharrak ikaragarriak direla azken hamabost hilabeteren ostean.
Gazako biztanleriaren %90a desplazatuta dago, eta su etenaren ostean milaka desplazatu euren etxeetara itzultzen ari badira ere, asko etxerik gabe geratu dira. Etxe gehienak suntsituta daude eta osasun sistema erabat kolapsatuta dago, askorentzat tratamendua atzerrian jasotzea da bizia salbatzeko aukera bakarra.