argia.eus
INPRIMATU
Ukraina ekialdean "bakea lortzeko urratsak" adostu dituzte Moskuk eta Kievek
  • Vladimir Putin eta Petro Poroxenko Errusiako eta Ukrainako presidenteek su-eten iraunkorrerako baldintzak adostu dituzte Ukraina ekialdean, Poroxenkoren prentsa bulegoak jakinarazi duenez. Errusiako Gobernuaren iturriek ñabardura egin dute, beraiek gatazkaren parte ez direla adieraziz.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2014ko irailaren 03a
Vladimir Putin eta Petro Poroxenko, Errusiako eta Ukrainako presidenteak hurrenez hurren, akordiora iritsi dira Ukrainak jakinarazi duenez.

Poroxenkok eta Putinek asteazken goizean telefonoz izandako elkarrizketaren ondoren etorri da albistea. “Elkar ulertzea lortu da  borrokei amaiera emateko hartu beharreko urratsetan”, jakinarazi dute Ukrainako presidentearen mandatariek RT hedabideak argitaratu duenez.

Kremlinek ñabardurak egin ditu: Ukrainak "su-eten iraunkorraz" hitz egin badu ere, hitz horiek ez dira egokiak Dimitri Peskov Errusiako presidentearen prentsa buruaren iritziz. Peskovek seinalatu duenez, Errusia ez da gatazkan parte aktiboa eta beraz Moskuk nahiago du "indarkeriaren amaierara iristeko baldintzez" hitz egin.

Errusiako agintarien oharraren ondoren, Kievek elkarrizketen emaitzaz egin duen irakurketa moldatu du.

Bi aldeen mezuek iradokitzen dute gatazka amaitzeko oinarri komunak egon daitezkeela. Putinen gobernuak gatazkaren parte ez dela esatearekin bere burua babestuko luke. Izan ere, su-etena Errusiak adostu duela publikoki adieraziz, inplizituki onartuko lukete Donbasseko oposizio armatuarekin izan duen inplikazioa, orain arte ukatu duen zerbait.