Stuart Hall hil da, diasporako intelektual ezkertiarra

  • Stuart Hall kultur teorialari eta soziologo jamaikarra hil zen atzo. 82 urte zituen eta 1997tik zegoen unibertsitate irakaskuntzatik erretiratuta. Haren lanek eragin nabarmena izan dute XX. mendeko ikasketa kulturalen garapenean.


2014ko otsailaren 11n - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Stuart Hall teorialari kulturala atzo hil zen 82 urte zituela (argazkia: The Guardian).

New Left Review agerkari ezkertiarraren sortzaileetakoa izan zen eta Britainia Handiko intelektual gailenenetakoa. Josu Amezaga EHUko irakasleak Birminghameko Centre for Contemporary Cultural Studies (CCCS) ikertegiko figura garrantzitsuenetakotzat jo du.

Frankfurteko eskolarekin batera ikasketa kulturalen azken hamarkadetako garapenean funtsezko gunea izan da CCCS Amezagaren aburuz. Bien arteko aldea ere nabarmendu du: “Frankfurteko eskola goi mailako arte eta kulturaren azterketan aritu zen gehien bat eta Birminghamekoa berriz, herri kulturan”.

Dena den, badute puntu amankomun garrantzitsu bat: “Bi eskolek bat egiten dute gizartearen inguruko ikuspegi kritikoan”, Amezagak azaldu duenez. Ondorengo hamarkadetan ikasketa kultural britainiarren ildotik abiatuta zenbait egile “postmodernismo hutsalean” erori direla seinalatu arren, Amezagak uste du Ingalaterran lortu dutela zorroztasun kritikoari eustea.

Identitatea, etengabeko eraikuntza

Imanol Galfarsoro Leedseko unibertsitateko irakasle eta Lapiko Kritikoko kideak azaldu duenez, 1951n iritsi zen Hall Britainia Handira Jamaikatik. “Bere esperientzia migrariak halabeharrezko eragina du ‘diaspora’ nozioari esanahi berriak emateko orduan. Hallen arabera, mundu modernoan identitatea etengabe dago eraikuntzan. Identitatea joko zabala eta konplexua da eta inoiz ez dago guztiz osatuta”.

Subjektu diasporiko horren hariari tiraka, Galfarsorok beste egile batzuen ekarpenekin lotu du Hallena: “Edward Said eta erbesteratuaren imajina, erdiko egoera batean bizi dena ingurune berriaren eta utzitako herriaren artean; Julia Kristeva eta arrotzarena, maiz poliglotaren isiltasunean babesten dena". Literaturan ere badago irudi horrekin pareka daitekeenik: "Ezin dut ahaztu Joseba Sarrionandiaren Lagun Izoztua eleberrian errefuxiatu batek esaten diguna: 'Anakronismo hitzaren antzera esaten da anatopikoa… anakronismoa denboraz kanpo bizi den bezala, anatopikoa, lekuz kanpo bizi da. Hemen zaudela, han bizitzea'. Kontzientzia bikoitza, hortaz, zama da, baina mundu desberdinetan bizitzen ikasi beharrarekin opari ere da bilakatzen”.

Thatcherismoari kritika

Kultura eta identitatearen inguruko auzietan murgiltzeaz gain, Hall bizi zuen garaiko politikaren analisian ere aritu zen. “Antologikoa” da Galfarsororen ustez Hallek Margaret Thatcher Erresuma Batuko lehen ministroaren oinarri ideologikoei egin zien kritika.

Aretxabaletako irakasleak azaldu du pentsalari jamaikarraren arabera zein zen politikari kontserbadoreak ekarritako berritasuna: “Burutzen duen konbinaketan datza: nola batzen dituen gizabanako librearen eta merkatu librearen doktrina neo-liberalak ohiko Tory kontserbadorearen ikusbideekin: komunitate ‘organikoa’-ren zentzua, betiko balioetara itzuli beharra, tradizioa eta errespektabilitatearen filosofiak, patriarkatua (emakumeen ohiko betebeharra familian), ingelestasuna nazioaren erdigune gisa…”.

Nola uztartzen dira baina horrelako baloreak geroz eta multikulturalagoa bihurtzen ari zen garaiko Erresuma Batuko gizartearekin? Hallek berak edo Ernesto Laclauk Antonio Gramsciren artikulazio kontzeptuarekin esplikatu zuten Thatcherismoaren operazio ideologikoa: “Kontzeptu giltzarria hemen ez da koherentzia. Tatcherrek bi pentsamendu kontrajarri artikulatu egiten ditu batasun itxura sinesgarria eskainiz, arrakastaz. Hori da hegemonia. Artikulazio hegemonikoa”.

Eta Euskal Herrian?

Nolakoa izan da Stuart Hallen eragina Euskal Herriko jarduera akademikoan? Amezagaren ustez garrantzia hartzen ari da. “Atzo bertan tesi baten aurkezpenean izan nintzen eta Hall behin baino gehiagotan aipatu zuten”. Gurean marxismo klasikoago bat nagusi izan ez ote den galdetuta, EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakasleak dio balitekeela, baina Birminghametik gurean aplikagarriak ziren nozioak hartu izan direla. “Kontua da hizkuntza bezalako gaiak, adibidez, ez dituztela hainbeste aztertu”, esplikatu du Amezagak.

Hallek ikasketa kulturalen alorrean egindako ekarpena eta Euskal Herrian dauden gabeziak kontrajarri ditu Galfarsorok. “Ikasketa kulturalen eremuan teoria bera dialogikoa da eta lekuz lekuko jakintzaz elikatzen da giza-aldakuntzaren aldeko egitarau politiko kritikoak bultzatuz. Horregatik, niri ulergaitza egiten zait oso Euskal Herriko testuinguru akademikoan oraindik ere Ikasketa Kulturalak burutzen dituen sailik edo departamenturik ez egotea”.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Errefuxiatu krisi globala
Migratzaileei sarrera gogortzeko ituna onartu du Europako Parlamentuak

Europar Batasunean migrazio politika gogorragoa ezartzeko ituna onartu du euroganberak, zortzi urtetako negoziazioen ondoren. Hala, eskuin-muturraren ideiei men egin eta arau baztertzaileak erabili ahal izango dituzte hemendik aurrera herrialdeek, kontrola areagotzeko eta... [+]


2024-02-29 | Euskal Irratiak
Otsailean 600 migratzaile lagundu ditu Irungo Harrera Sareak

Migratzaileen kopurua anitz emendatu da Irun eta Hendaia arteko pasabidean. Irungo Harrera Sareak ohartarazi duenez, otsailean 600 pertsona lagundu dituzte, iaz, urte osoan 2.700 izan zirelarik. Iragan urtarrilean, 2.700 etorkin heldu dira Kanariar Uharteetara, egunero 80... [+]


Egunean hemezortzi migratzaile hil ziren bataz beste iaz Espainiako Estatura iristeko ahaleginetan

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.


2023-09-29 | ARGIA
Frantziako Gobernuak Bidasoako muga ixtea ez dela zilegi berretsi du Europako Auzitegiak

Europako Justizia Auzitegiak (EBJA) erabakia hartu du mugako barne-kontrolak berrezartzeko Frantziako Gobernuaren politikari buruz. Bidasoaren mugan ohikoak diren zenbait praktika. hala nola muga igarotzeko debekuak eta berehalako itzulketak, ez direla legearen araberakoak... [+]


Hil gaitzazue

2021eko abuztuaren 15ean, talibanek Kabul mendean hartu zutenean, milaka afganiar ihes egiten saiatu ziren. Soilik hilabete hartan, 35.000 pertsona baino gehiagok zeharkatu zuten Pakistango muga, eta 2022. urtea hasi orduko 145.000 ziren beste aldean. Aldiz, gertakari horien... [+]


Eguneraketa berriak daude