Ekonomia arloan Nobel sariduna da Stiglitz, eta iraganean Munduko Bankuko ekonomista nagusia ere izan zen. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseak antolaturiko Udako Ikastaroetan eman zuen hitzaldia goizean, eta arratsaldean suminduen Foro Sozialean hartu zuen parte. "Hainbeste energia ikusita hunkituta" zegoela azaldu zuen.
Suminduen Foro Sozialean zorraren eta desberdintasun sozialen inguruan ari ziren eztabaidatzen, moderatzaileak Joseph Stiglitz Ekonomia Nobelari hitza ematea proposatu zuenean.
Megafonoa eskuetan hartu, eta Munduko Bankuko ekonomista nagusi ohiak Europako eta Estatu Batuetako hainbat arazoren gaiari heldu zion. "Ekonomiak neurri sozialagoak hartu ditzan aukera paregabea da honakoa" Siglitzen arabera. Bertan zeudenei "ideia txarren" aurrean axolagabetasuna erakutsi beharrean "ideia onak" plazaratzeko deia egin zien.
Goizeko jardunaldietan ildo bereko diskurtsoa eman zuen. Europako Banku Zentralak inflazioari aurre egiteari ematen dion garrantzia kritikatu zuen. Bestalde Nazioarteko Moneta Fondoaz esan zuen hobe zukeela herrialde txikiak kontrolatzeari utzi eta AEBak bezalako herrialdeak kontrolatzen hastea. "AEBak ikuskatu behar ditu, eta ez Guatemala". "Banku zentral gehienek enpleguaz kezkatu beharko lukete, egonkortasun finantziarioaz", Europako bankuei egin zien erreferentzia, berriz ere inflazioak bakarrik kezkatzen dituela kritikatuz.