1976ko Jurramendiko hilketetan parte hartu izanagatik da bereziki gogoratua . Ondoren Ipar Euskal Herrian Espainiako Estatuak egin zuen guda zikineko ekintzetan parte hartu zuela uste da. Italian, Txilen, Argentinan edo Bolivian ere aritu zen.
Stefano Delle Chiaie Italiako Casertan jaio zen. Eskuin muturreko Movimiento Sozial Italiano (MSI) eta Orinde Nuovo erakundetako kide izan zen, eta ondoren Avangoardia Nazionale sortu zuen. Italian, batetik ezkerreko kolektibo eta pertsonen aurkako erasoak egin zituen. Bestetik, ezker erradikaleko taldeetan infiltratu egin, atentatuak sustatu edo antolatuz besteak beste. Milango Piazza Fontanako atentatuagatik ikertua izan zen, esaterako, baina errugabe jo zuten ―17 pertsona hil ziren Piazza Fontanan; Estatuak talde anarkistei leporatu zien ekintza, gerora argitu zen gerra zikineko ekintza izan zela―. Euskal Herrian, Delle Chiaieren izena Jurramendiko (Nafarroa) hilketei estuki lotua dago.
Josu Chueca historialariak ARGIAn ikerketa erreportaje zabala argitaratu zuen 1976ko Jurramendiko gertaeren inguruan, eta bertan Delle Chiaieri buruzko informazioa eman zuen: “Italian izandako hilketa batzuen eta Valerio Borghesek 1971n egindako estatu kolpearen porrotaren ondorioz, Espainian aterpetu zen eta aitzindari izan zen beste faxista italiar asko birkokatzeko. Bizilekua eta lan zikina eman zieten Carrero Blancoren aginduz sortutako SECEDen, adibidez. 1975etik aurrera Ipar Euskal Herrian BVE eta ATE siglekin izandako gerra zikina haien eskutan egon zen”. Munduko eskuin muturreko talde eta gobernuek sustatutako Gladio eta Condor sareekin ere erlazionatu izan dute.
1989an Caracasen (Venezuela) atxilotu zuten Delle Chiaie, eta Italiara deportatu epaitzeko. Orduan ere errugabe jo zuten. Amerikan hainbat ekintzagatik ikertu zuten.
Jurramendin protagonista
Delle Chiaiek 1976ko Jurramendiko hilketetan parte hartu zuen militante faxista ugarirekin batera. Franco hil eta sei hilabetera gertatu zen karlisten aurkako erasoa, hainbat pertsona zauritu eta bi hildako utzi zituen. Eskuin muturreko talde eta militante paramilitarrek burutu zuten Espainiako Estatuaren aparatuen laguntza edo babesarekin. Jurramendin izan ziren mertzenarioetako batzuk BVE edo GALen aritu ziren gerora.
Karlismoaren joera ezberdinen arteko gatazka bezala azaldu zuen estatuak Jurramendin gertatua. Josu Chuecaren esanetan, aldiz: “Ez zen karlismo atzerakoi eta aurrerakoiaren arteko liskarra izan, Estatuko zerbitzu berezien operazio zikina baizik. Sozialismo autogestionarioaren eta demokraten bidea hartu zuen karlismoaren adar nagusia makurrarazi nahi zen modu horretan”.