argia.eus
INPRIMATU
‘Statu quo’-a mantentzea espero da Groenlandiako hauteskundeetan, Trumpen presiopean
  • Inkesta gehienen arabera, Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokrataren arteko aliantzak jarraituko du indarrean parlamentuan. Herrialdeko lehen ministro Mute Egedek hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen, AEBen "kanpo presioek" bultzatuta.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko martxoaren 11
Mute Egede Groenlandiako lehen ministroa. Tom Little / Reuters

Donald Trump AEBetako presidenteak azken hilabeteetan egindako adierazpenek Groenlandia nazioarteko aktore ugariren jopuntu bilakatu dute. Etxe Zuriko maizter berriak 2016tik 2020ra bitarteko agintaldian erakutsi zuen lehen aldiz Danimarkaren menpeko uhartea anexionatzeko asmoa. Urtarrilaren 20ean ekin zion bigarren agintaldiari, baina kargua hartu aurretik hasi zen Groenlandia jomugan jartzen: abenduaren 22an, Washingtonek uhartean izango duten enbaxadore berria Ken Howery izango zela iragartzearekin batera, sare sozialetan AEBek Groenlandiaren erabateko kontrola edukitzea "guztiz beharrezkoa" dela adierazi zuen, "munduko segurtasuna bermatzeko". Urtarrilaren 7an, berriz, ez zuen baztertu asmo hori erdiesteko "presio militarren eta ekonomikoen" erabilpena.

Groenlandiako Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte asteartean, eta nazioarteko aktore ugarik tentuz jarraituko dute. Inuit Ataqatigiit alderdi ezkertiar independentistaren eta Siumut sozialdemokraten arteko koalizioaren legealdia apirilaren 4an amaitzekoa zen, baina herrialdeko lehen ministro Mute Egedek –independentisten alderdikoa– hauteskundeak aurreratzea proposatu zuen parlamentuan, Groenlandia garai "oso garrantzitsuan" dagoela argudiatuta. AEBen mehatxuen aurrean, Groenlandia ez dagoela "salgai" aldarrikatu zuen, eta horren erakusle da urtarrilean groenlandiarrek eginiko inkesta baten emaitza: %85ek AEBen parte izateari uko egin zioten.

Independentzia, eztabaidagai

AEBen aurkako jarrera ez ezik, Danimarkarekiko menpekotasuna haustea ere biztanleriaren erdiak baino gehiagok –zehazki, %52ak–  babestu du berriki Sermitsiaq bertako hedabideak eginiko inkesta batean. Arku parlamentarioan ere islatzen da joera hori: hauteskundeetara aurkeztu diren sei alderdietatik lau dira independentistak, eta 2021ean eginiko bozetan botoen %80 lortu zituzten alderdi horiek. Asteartean egitekoak direnetan Inatsisartut-aren –Groenlandiako Parlamentua– egiturak aldaketa gutxi jasango dituela espero da: inkesta gehienek gaur egun agintean dagoen alderdia, Inuit Ataqatigiit ezkertiarra, jotzen dute garailetzat, botoen %30 inguru lortuta, Naleraq alderdi independentista gertu geldituta.

Uhartearen independentzia hauteskundeetako gai nagusienetako bat izan da. Javier Arnaut Groenlandiako Unibertsitateko Artikoko Giza Zientzien Departamentuko buruak Berria egunkariari azaldu dioenez, lehen ministroaren alderdiak "ez du posible ikusten gaur egun Groenlandiaren independentzia". 2008an egin zuten groenlandiarrek autogobernua erabakitzeko erreferenduma: 21.355 biztanleren babesa jaso zuen, eta 6.635 aurka agertu ziren. Ondorioz, lurraldeko alor juridikoa eta erabakitzeko eskubidea Groenlandiako Gobernuaren esku geratu ziren. Baina, errealitatean, erabateko independentzia konplexuagoa da, Danimarkak urtero ematen dion 600 milioi euroko diru laguntza lurraldeko ekonomiaren %50 baita, Arnauten arabera.

Nazioarteko agertoki berrian duen lekua

Ez da kasualitatea Groenlandiak Trumpen arreta erakarri izana: auto elektrikoak eta haize errotak eraikitzeko ezinbestekoak diren lur arraroetan aberatsa da uhartea. Bestalde, Artikoko izotza urtzen ari denez, bertako baliabide naturalak errazago ustiatzeko eta haren kokapen estrategikoa baliatzeko aukerak ireki zaizkie lurraldearen kontrola partekatzen duten nazioarteko potentziei: esaterako, 2024ko maiatzean Errusiak iragarri zuen "inoizko petrolio erreserbarik handiena" aurkitu zuela bertan, bilioi erdi upel baino gehiago.