argia.eus
INPRIMATU
‘Stabat mater’ borobila
Montserrat Auzmendi del Solar 2025eko abuztuaren 06a

Zer: Orquesta de la Comunitat Valenciana. 

Zuzendaria: Mark Elder. Donostiako Orfeoia. 

Zuzendaria: José Antonio Sáinz Alfaro.

Bakarlariak: Federica Lombardi (sopranoa), Paula Murrihy (mezzoa), Xabier Anduaga (tenorea), Will Thomas (baxua).

Egitaraua: Beethovenen eta Rossiniren lanak.

Lekua: Kursaal Auditorioa, Donostia.

Data: abuztuaren 1a.

-------------------------

Orquestra de la Comunitat Valenciana delakoaren debutaren emaitza onak ikusi ondoren, bere bigarren emanaldiarekiko ikusmina handia zen, batez ere orkestrarekin batera Rossiniren Stabat mater-ean luzitu behar ziren interpreteen sendotasuna kontua hartuta.

Bezperako Txaikovskyren eta Xostakovitxen obra handien ondoren, giro aldaketa erabatekoa zen Valentziako orkestrarentzat. Bigarren topaketan, musikariek eta zuzendariak, Elderrek, lehen kontzertuan igartzen ziren ñabardura batzuk erakutsi behar zituzten.

Beethovenen 2. sinfonia re maiorrean op. 36 lanak ireki zuen bigarren saio hau. Ez da publikoaren sinfonia gogokoenetako bat, dena esan behar da, baina konpositorearen "estilo goiztiarraren" xarma duen obra da, nahiz eta jada bere nortasun handiaren zeinu bereizgarriak antzematen diren. Valentziako orkestrak, Mark Elderren zuzendaritzarako oso esanekoa, oso bertsio sendoa eskaini zuen, gogorra ere kalifikatu zitekeen, tempo nahiko zurrunekin. Agian berotasun pixka bat falta izan zitzaion interpretazioari, baina, zalantzarik gabe, zuzendariak obra honen irakurketa desberdina eta pertsonala egin zuen.

Haragia, musikalki, Rossiniren Stabat mater-arekin etorri zen. Konpositore italiarraren lan berantiarra da, eta Jesusen ama Mariaren sufrimenduaz hausnartzen da haren gurutziltzaketan. Obra hunkigarria da, beraz, eta karga sentimental handia du. Musikalki, Rossiniren gailurretako bat da, bufo-aireetatik urrun, eremu espiritualago batean sartzen dena, nahiz eta atzealde mundutar samarra izan. Izan ere, bere garaian, zenbait konpositore alemaniarrek esan zuten obra erlijioso baterako sentsualitate gehiegi zuela obra honek.

Oraingoan, lehen esan dudan bezala, ikusmin handia zegoen. Donostiako Orfeoiak parte hartzen zuen, eta badakigu Donostian egiten duten emanaldi bakoitza beti dela pozgarria publikoarentzat. Eta luxuzko lau bakarlari ere izan genituen, bereziki Xabier Anduaga tenor donostiarra, ibilbide paregabea duelarik.

Bada, osagarri hauekin Stabat mater bikain entzun zen. Mark Elderrek operan duen eskarmentua agerian geratu zen. Maisutasunez maneiatu zuen multzoa, eta elementu bakoitzetik obrak eskatzen zuen distira eta biribiltasuna lortzen jakin zuen. Donostiako orfeoiak enpakez beteriko emanaldia eskaini zuen, taldearen zerbitzura, une oro soinu global trinko eta dotorea sortuz.

Eta lau bakarlariek ederki defendatu zituzten beren rolak. Baina, egia esan, Xabier Anduagaren distira izugarria nabarmendu behar da, baita tenore gisa dituen ezaugarri handiak ere: kantu homogeneoa du bere hedadura osoan, tinbre izugarri liluragarria eta sobreagudo bikaina. Tira, harribitxi bat. "Cujus animam gementem" tenore-arian, adibidez, ezaugarri horiek guztiak ederki ikusi ziren.

Bestalde, gaueko beste izar nagusia Federica Lombardi sopranoa izan zen, honek ere tinbre dotorea luzitu zuelarik. Bere parte-hartzeak klase eta perfekzio teknikoaren eredu izan ziren. Hain zuzen ere, Lombardiren distirak Paula Murrihy mezzoaren interpretazioari itzala egin zion zuen neurri batean. Honek emanaldi diskretua izan zuen. Will Thomas baxua, bestalde, bigarren maila diskretuan mantendu zen baita ere.

Hala ere, esan dudan bezala, konjuntoaren inpresioa edertasun handikoa izan zen. Valentziako orkestra Palau de les Artsera itzul daiteke harro Musika Hamabostaldian egindako emanaldietaz.