Asteartean eman dute prentsaurrekoa Musikariak Palestinarekin plataformako kideek Katakrak liburu dendan (Iruñea). Spotifyren buruak israeldar enpresa militar batean milioika euro inbertitu zuela jakin zenetik, milaka batu dira boikotera.
Duela hiru hilabete "zazpi lagun" batu ziren eta gaur egun 162 musika talde eta 650 musikaritik gora batzera iritsi da Musikariak Palestinarekin plataforma, Spotifyri boikota egiteko helburuz. Udan jakinarazi zuten Daniel Ek multinazionaleko CEOak 700 milioi euroko inbertsioa egin duela Israelgo enpresa militar batean, eta horren harira da boikota. Musikariek adierazi dute lagunekin hasitako kontua izatetik ezagunen ezagunengana heltzerainokoa izatera iritsi dela. Sinistuta daude antolakuntzak ematen diola zentzua boikotari.
Azaldu dute kontziente direla ez direla "inor" hartutako erabakiak Spotify erraldoiari eragiteko, eta apenas dutela ekonomikoki eragiteko gaitasunik; baina sinetsita daude egin dezaketen ekarpenik handiena boikot kolektiboa egitea dela eta haren bitartez mezua zabaltzea.
Orain arte batu ez diren artista zein taldeei ere irekita agertu dira. Hala ere, azpimarratu nahi izan dute ez dutela nahi ikuspegi "moral" batetik begiratzea ezta inor seinalatzea ere: "kontziente baikara musikariek kasuistika eta lehentasun desberdinak izan ditzaketela kasu bakoitzean". Era berean, boikotak musika entzuleak behar dituela esan dute, eta agerraldia baliatu nahi izan dute multinazionalari boikota egitera bultzatzeko.
ARGIAko arituluak jaso zuen moduan, badaude Sopotify-ren alternatibak, batzuk. Zerrendatzearren: Badok ataria, Deezer, Qobuz eta Bandcamp plataformak.