argia.eus
INPRIMATU
Sozietateen zerga nabarmen jaitsiko dute EAJ eta PSEk, PPk eskatu bezala
  • Hasierako %28tik, %24ra jaitsiko dute sozietateen gaineko zerga EAJ eta PSEk, PPk EAEko aurrekontuak babestu ditzan. Baldintza gisa jarri zuten puntu hori Popularrek.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 24a
Arg: JESÚS ANDRADE Arg: JESÚS ANDRADE

Duela hiru aste fiskalitatearen inguruko akordioa lortu zutela jakinarazi zuten EAEko gobernuan dauden bi alderdiek, hala ere akordio hark ez du asko iraun. EAEko aurrekontuak onartzeko epemuga ate joka duten honetan, sozietateen gaineko zerga duela hiru aste adostutako %28tik, %24ra jaitsiko dutela jakinarazi dute bart EAJ eta PSEk.

Alderdi Popularra gustura agertu da PSEren jarrera aldaketarekin eta EAEko aurrekontuak onartzeko aukera gertuago ikusten du. Izan ere, urriaren 31an aurkeztu zuten akordioarekin oso kritiko agertu zen PP. Euskal patronalari ere ez zitzaion gustatu akordioa, bere ustetan “lehiakortasunean atzera egitea” baitzekarren akordio hark.

Bi urtetan %4 murriztuko dute sozietateen gaineko zerga, urte bakoitzean bi puntu. Horrela Espainiako estatukoa baina baxuagoa izan da 2019tik aurrera EAEko sozietateen gaineko zerga, Espainiako bataz bestekoa %25ekoa baita.

Sindikatuak kexu

ELAren ustez, sozietate zergaren egoera “eskandalu hutsa” da. Eusko Jaurlaritzari egotzi dio “patronalaren eta kapitalaren” alde egin izana. LABek ere “errenta handien eta kapitalaren mesederako” zerga erreforma bat dela uste du.