argia.eus
INPRIMATU
Sozialismorako Mugimenduak Bolivian agintzeari utziko dio 20 urteren ostean, eskuinari lekua utzita
  • Igandean eginiko presidentetzarako hauteskundeetan berretsi da ezkerreko koalizioaren porrota eta eskuinaren gorakada: PDC Alderdi Kristau Demokratikoko Rodrigo Paz Pereira senatariak eta Jorge Quiroga presidente ohiak (2001-2002) lehiatuko dute presidentetza bigarren itzulian. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 18a
Ezkerrean Rodrigo Paz eta eskuinean, Jorge Quiroga presidente ohia AP

Inkesta gehienek aurreikusitakoari jarraiki, kolpe gogorra jaso du agintean den MAS Sozialismorako Mugimenduak igandeko Boloviako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian: Eduardo del Castillo koalizioko hautagaia seigarren geratu da, botoen %3,16 eskuratuta. Horrela, Evo Morales presidente ohia (2006-2019) 2005eko bozetan gailendu zenetik, ezkerrak ez du berirro aginduko Bolivian. Urriaren 19an izango da presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta horretan eskuineko bi hautagai lehiatuko dira: PDC Alderdi Kristau Demokratikoko Rodrigo Paz Pereira senataria eta Jorge Quiroga presidente ohia (2001-2002).

Herrialdeko Auzitegi Gorenaren arabera, bozetako parte hartzea % 78,55ekoa izan da, eta Paz Pereirera izan da boto gehien jaso dituena (% 32,14); inkesta gehienek PDCko hautagaia hirugarren eta bosgarren postuen artean geratuko zela aurreikusten zuten, Samuel Doria Medina enpresariaren atzetik. "Aberria berreraiki nahi dugu, eta ekonomia aldatu herriarena izan dadin eta ez estatuarena", adierazi du Paz Pereirak La Pazen (Bolivia) eginiko ekitaldian bozen emaitzak argitaratu ostean. Quiroga, berriz, presidente izan zen 2001etik 2002ra, Hugo Banzer diktadore eta gero presidente izandakoaren presidenteordea baitzen hari minbizia diagnostikatu ziotenean.

Eskuinaren gorakadaz gain, igandeko bozek agerian utzi dute Boliviako ezkerreko mugimenduek azken urteetan babesean eta ospean izan duten beherakada: Andrónico Rodríguezen Aliantza Popularra laugarren geratu da botoen %8,22 jasota; MASko hautagai Eduardo del Castillo, berriz, seigarren (%3,16). Pandemiaz geroztik, krisi ekonomiko larrian murgilduta dago Bolivia: Bloomber Línea atariaren arabera, 2025eko lehen hiruhilekoan inflazioa %23,96koa izan da, 1985tik erregistratutako altuena eta bigarren altuena latinoamerikar herrialdeen artean. 

Ezkerraren porrotaren zergatiak

20 urteren ostean, Sozialismorako Mugimenduak ez du Bolivian gobernatuko: batik bat, azken urteetan koalizioan gertatu diren barne gatazkek eraginda. Izan ere, 2019an presidentetzarako hauteskundeak irabazi zituen Evo Morales presidente ohiak eta koalizioaren sortzaileak, baina Amerikako Estatuen Erakundeak leporatu zion emaitzak faltsutu izana. Ondorioz, Morales erbesteratu egin zen, eta hurrengo urtean eginiko bozetan haren alderdikide eta Finantza ministro izandako Luis Arce izendatu zuten herrialdeko buru.

Presidente kargua hartu zuenetik, ordea, Arceren eta Moralesen arteko harremana erabat hautsi da: elkarri traizioa eta narkotrafikoarekin harremana izatea leporatu ostean, Boliviako Fiskaltzak Morales atxilotzea agindu zuen 2024ko abenduan, "prostituzioa erraztea helburu zuen giza trafikoagatik". 2006 eta 2019 artean presidente izandakoak adierazi zuen Arceren gobernuak abiatutako "gerra judizial" bat pairatzen ari zela, eta ondorioz ezin izan du aurkeztu igandeko presidentetzarako bozetara. Arcek ere uko egin dio bigarren agintaldirako aurkezteari, eta haren ministro ohi izandako Del Castillo izan da ezkerreko koalizioaren hautagaia.

Moralesen ondorengoa zena, baztertuta

Senatuko egungo presidente Andrónico Rodríguez jo izan dute Moralesen ondorengo politikotzat. Laugarren geratu da bozetan (%8,22). MASko sortzailearen zaleek haren aurkako kanpaina abiatu dutela gaitzetsi du Rodríguezek behin baino gehiagotan hauteskundeen aurretik, "benetako aurkari politikoak zein diren ahaztuta eta horiei bidea irekita". Izan ere, Moralesek hari bozkatzera dei egingo zuela aurreikusten zuen jende ugarik, baina azkenean boto baliogaberako dei egin zuen presidente ohiak, Rodriguezi "traizioa" leporatuta. Evo Moralesek baliogabeko botoaren "garaipena" azpimarratu du, igandeko hauteskundeetan %19 gainditu baitzuen.