Arabako SOS Arrazakeriak Gasteizko erdialdeko lokal bat salatu du apirilaren 13an bi gazteri emandako “trataera arrazistagatik”. Aliou eta Mamadou senegaldarrei larunbat goizaldean San Prudencio kaleko taberna batean sartzera zihoazenean atezainak sartzea debekatu zien.
Aliouk berak prentsaurrekoan azaldu duenez, tabernara sartzeko gonbidapena behar zela esan zien atezainak. Hala ere, bertara hurbildu ziren guztiak arazorik gabe sartu ziren, ez gonbidapenik ezta inolako azalpenik eman gabe.
Lokaleko arduradunaren arabera, jai pribatu bat egiten ari ziren gau hartan eta ez zeukaten sartzerik. Halaber, poliziari deitzeko mehatxua egin zien bi lagunei, nahiz eta ez zuen esandakoa bete.
Aliouk eta Mamadouk gertaera salatzea erabaki eta SOS Arrazakeriara jo zuten.
Ez da euskal tabernetan halako jarrerak salatu diren lehen aldia. 2011n SOS Arrazakeriak berak ikerketa bat egin zuen Europako hiri batzuetan, horien artean, Bilbon. Jatorri desberdinetako pertsonak elkartu eta tabernetara sartzen saiatu ziren. Bisitatu zituzten bederatzi tabernetatik, batek bakarrik ez zituen jatorriagatik diskriminatu.