Larunbatean prentsaurreko bateratua eman dute Egiari Zor Fundazioak, Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiak eta Iratxe Sorzabalen abokatu Aiert Larrartek. Ostegunean ezagutu zen sententzia mugarria dela adierazi dute hirurek. Larrartek adierazi du Estrasburgoko epaitegira joko dutela Sorzabalek ezarrita duen zigor bakarra indargabetu asmoz. Behatokiak jakinarazi du Espainiako epaitegiak egin ezean nazioartera joko dutela torturen egileak epaitzea helburu. Egiari Zor fundazioak “erantzun irmoa” eskatu die erakundeei.
Aiert Larrarte abokatuak hartu du hitza lehenbizi, eta Sorzabalen egoera juridikoa azaldu du, hasteko. Auzitegi Nazionalean hiru epaiketa izan ditu Sorzabalek, bitan errugabe jo dute, eta batean kondenatu, 24 urteko espetxealdira. Hori ari da betetzen egun Zaballako espetxean. “Hiruetan frogak berdinak izan dira, torturapean lortutako frogak”, ziurtatu du abokatuak. Aurreko epaiketan Sorzabal errugabetu zuen epaitegiak, baina torturarik ez zuen onartu; iragan ostegunean ezagutu zen epaian bai, ordea.
Eskerrak torturaren aurka aritu direnei
Kondenatua izan zen epaiaren aurka helegitea aurkeztu zuen Sorzabalen defentsak, lehenik Espainiako Epaitegi Gorenean eta ondoren Konstituzionalean, baina ez ziren onartuak izan. Larrartek jakinarazi du Estrasburgoko Giza Eskubideen Epaitegira joko dutela Sorzabalen askatasunaren bila, azken sententziaren aurretik hartuta zuten erabakia. Zentzu horretan, abokatuak azaldu du azken sententziak Sorzabalen adierazpenak torturapean lortutakoak direla onartzeak ez duela “automatikoki” ondoriorik izango, eta lan egiten jarraituko dutela.
Osteguneko sententzia urte eta modu askotan torturaren aurka lan egin duten pertsona eta eragile askoren lorpena da, Larrarteren ustez. “Eskerrak” eman dizkie horiei guztiei abokatuak, bere izenean eta Sorzabalenean.
“Historikoa”
Egiari Zor fundazioaren izenean Pilar Garaialek eta Ainara Estebanek hitz egin dute. Osteguneko epaia “historikoa” da fundazioaren ustez, “bere eduki eta irmotasunagatik”. Gogoratu dute epaiak “frogatutzat” ematen duela Guardia Zibilak Sorzabal torturatu zuela (elektrodoen erabilera aipatzen du hitzez hitz). Fundazioaren esanetan, frogatuta gelditu da ere inkomunikazio aldia “tortura praktikatzeko beharrezko koladeroa” izan dela, eta horrek “agerian” uzten dituela zuzenbide estatuaren eta ikertzeko betebeharrari muzin egin dion sistema judizialaren “zuloak”. Bozeramaileek gogoratu dute Sorzabalek sexu indarkeria ere jaso zuela, “logika matxista eta heteropatriarkalen” ondorioa dena.
“Ez da iragana”, esan du fundazioak torturaz, ondorioak orainean eta etorkizunean eragiten dutela azpimarratuta.
Erakundeei interpelazioa
Sententziaren aurrean, erakundeei “aho batezko erantzun irmoa” exijitu die Egiari Zor fundazioak. “Giza eskubideetan hezteko beharrari buruzko diskurtsoak, indarkeria tresna politiko gisa deslegitimatzeko pedagogia egiteko beharrari buruzkoak... edukirik gabe geratzen dira halako gertakari larrien aurrean gure agintariek erantzun gisa isiltasuna aukeratzen dutenean”.
Sorzabalentzat eta beste “milaka” torturatuentzat “aitortza eta erreparazioa” eskatu du fundazioak. Horri begira, EAEko Aitorpen Legea aldatzea eta epeak zabaltzea eskatu dute, “1999tik aurrera torturatuak izan ziren pertsonek lege-babesa izan dezaten”.
Egileak epaitu
Euskal Herriko Giza Eskubideen Behatokiaren izenean Iratxe Urizarrek hartu du hitza. Ezkutatzeko saiakeren aurrean azkenik “egia inposatu” dela adierazi du: “Tortuta sistematikoa” izan da. “Egitate” horri tiraka hainbat galdera luzatu ditu: “Nortzuk izan ziren torturatzaileak? Non dira elektrodoak aplikatu zizkieten horiek? Non, sexualki eraso zutenak? Hilko zutela mehatxatu zutenak? Non daude egitate hauen egileak?”.
Guardia zibil horien aurkako salaketak iragarri ditu Behatokiak, eta azaldu du aukera ezberdinak aztertuko dituztela salaketak “eraginkor” izan daitezen. Ohartarazi du torturak 2021ean izan baziren ere ez luketela preskribatu beharko, eta azaldu du Espainiako epaitegiek ekimena hartzen ez badute, Nazio Batuen Erakundera joko duela.
Ondoko bideoan, prentsaurrekoa osorik: