argia.eus
INPRIMATU
Sorzabalen absoluzioari helegitea jarri dio fiskalak, eta bere kontrako epaiketa errepikatzea eskatu du
  • Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak, Iratxe Sorzabal atxiloturik egon zenean "tratu gizagabeak" eman zizkiotela aitortzen duen epaia baliogabetzea eskatu du, eta berriz epaitu dezatela nahi du, 1995ean Irunen jarritako lehergailu baten harira.

ARGIA @argia 2025eko ekainaren 05
Espainiako Auzitegi Goreneko eraikina Madrilen.

Hiru aste baino ez ditu behar izan Espainiako Auzitegi Goreneko Fiskaltzak Iratxe Sorzabal absolbitu zuen epaiari helegitea jartzeko. Alvaro Redondo fiskalak eskatu du justiziak baliogabe utz dezala epai hori. Are gehiago, Sorzabalen kontrako epaiketa errepikatzea ere eskatu du, beste epaimahai batekin.

Espainiako Auzitegi Nazionalak maiatzaren 8an agindu zuen Sorzabal absolbitzea. Epai horretan, Espainiako justiziak aitortzen du atxilotu zutenean "tratu gizagabeak" jaso zituela –"zantzuen" arabera elektrodoak jarri zizkiotela torturatzeko–, eta horregatik onartu zuela 1995ean Irunen lehergailu bat jarri izana.

Helegitean, fiskalak dio Sorzabalek ustez idatzitako gutun batean "bere borondatez" aitortu zuela 1995eko ekintzan parte hartu izana, poliziari esandakoa arduradunei jakinaraztera "derrigortuta" omen zegoelako, eta hori ez zegoela epailearen aurrean egindako tortura salaketekin "kutsatua".

Baina abosluzioaren epaiak garbi adierazten du idatzi hori atxilotua izan eta egun batzuetara agertu zela, eta "deklarazio" bezala baliogabea dela. Hain zuzen, ETAko zuzendaritzari bidalitako ustezko gutun horren ondorioz zabaldu zuten Sorzabalen kontrako akusazioa 1995eko ekintzara. 

Sorzabalek poliziaren eskuetan atxiloturik zela egindako autoinkulpazioa ukatu zuen epailearen aurrean, eta salatu zuen torturapean egin zuela.