Hernanin jaio zen Sortzen 1991n, eta herri hartan jarriko dute ikasturte osoko ibilbidearen mugarria, maiatzaren 22an EskolHarria, biharko herria lemapean egingo den aldarrikapen egunarekin.
Ikastolen publifikazio prozesuaren atarian eskola publiko berria aldarrikatzeko eratu zen Sortzen Hernanin duela 25 urte egindako kongresuan. Geroztik aldarri hori daraman mugimenduak ibilbide zabala izan du, eta elkartea batez ere Nafarroan saretu den arren, Euskal Herriko beste lurraldeetan ere baditu partaideak. Orain, jaioterrira itzuliko da, hastapeneko aldarrikapenak gaur egun ere bizirik daudela ozen esateko: eskola herritarra, demokratikoa, euskalduna, anitza eta hezkidetzan oinarritua behar dugula, alegia.
Donostian egindako aurkezpenean, Sortzeneko partaide diren hainbat eskola komunitatetako kideek azaldu dute igaro den mende laurdenari begiratua eman eta proiektuez hausnartzeko datozen hilabeteetan hainbat hitzaldi eta mahai-inguru antolatuko dituztela Nafarroan eta Gipuzkoan.
Sare-publikoan dabiltzan eragileak harremanetan jartzeaz gain, besteak beste eskola herritar eta parte-hartzaileaz, hezkidetzaz eta hizkuntzen trataeraz jardungo dira ekitaldi horietan.
Hain zuzen, urtarrilaren 21ean mahai-ingurua antolatu du Nafarroako Sortzenek Iruñean, D ereduan hizkuntzen trataerak nolakoa izan behar duen aztertzeko. Bertan hitz egingo dute Begoña Totorika Sortzeneko koordinatzaile orokorrak, Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoko koordinatzaileak, eta Richard Weyndling kazetari eta irakasleen ingeles irakasle izandakoak.
EskolHarriak, mugarria Hernanin
Ikasturte osoan egindako ibilbideari amaierako mugarria jartzeko Hernanin aldarrikapen eguna egingo du Sortzenek maiatzaren 22an, EskolHarria, biharko herria lemapean. Egun hori euren proiektuaren “erakusleiho” izatea nahiko lukete antolatzaileek, eta jakinarazi dutenez “martxan diren hainbat proiektu eta esperientzia ezagutu eta partekatzeko” aukera izango dute bertaratutakoek.