argia.eus
INPRIMATU
Sortuk Espainiako monarkiaren amaiera eskatu du Iruñeko kaleetan
  • Iragan urriaren 12an Iruñean Sortuk antolatutako ekitaldi batean Felipe VI.a Espainiako erregea eta Kristobal Kolonen estatua sinbolikoak eraitsi zituzten. Horren karietara, Espainiako Auzitegi Nazionalak hamabi gazte deitu ditu deklaratzera. Horiei babesa agertzeko manifestazioa egin zuten Iruñean iragan larunbat arratsaldean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2021eko urtarrilaren 18a
Franco, Felipe VI.a eta Juan Carlos I.a-ren erretratu erraldoiek atondu zuten eszenatokia. (Arg.: X. Letona)

Gazteei babesa emateko eta Espainiako judikaturaren jarrera salatzeko manifestazioa izan zen Sortuk deitutakoa. 17:30ean abiatu zen Antoniuti parketik eta Sarasate pasealekuan amaitu zen. Ondo lerrokatutako hiru ilaratan egin zuten ibilbidea milaka manifestarik, bukaeran lau ilaratan pasealeku osoa hartuz.

Hamabi gazteei babesa emateko mobilizazioa zen, baina baita ere 78ko Espainiako erregimenaren salaketa egiteko, manifestazioaren ikonografiak argi adierazten zuen bezala. Espainiako monarkiari erreferentzia eginez, Eroriko da, zioen manifestazioa zabaltzen zuen pankartak. Oihu asko eskaini zitzaizkien borboiei, hauen ustezko lapurretei erreferentzia eginez eta Los borbones a los tiburones (borboiak marrazoetara) gaztelerazko leloa oihukatuz. Euskal Errepublika eta Independentzia, sozialismoa ere oihukatuenen artekoak izan ziren.

Amaierako hitzaldia Sarasate pasealekuan egin zen. Egoeren kontraesana areagotuz, eszenatokia Foruen monumentuaren azpian zegoen, hiru argazki erraldoiz atonduta: Franco, Felipe VI.a eta Juan Carlos borboikoa errege ohia. Ekitaldi amaierako hitzaldian Kizkitza Gil de San Vicente Sortuko zuzendaritzako kideak argi adierazi zuen hiru erretratuen artean zegoen lotura argia, 1936 eta gaur egungo egoera lotuz: Francok 36ko gerra irabazi zuen, gero 1975ean Juan Carlos borboikoa izendatu zuen errege eta honen semea da orain errege. Egoera hori gainditzeko eta euskal errepublika sortzeko mezuak ere ugariak izan ziren.

Gazteen deklaratzeari dagokionez, urtarrilaren 12an egin behar zen deklarazio telematikoa Iruñeko Justizia jauregitik, baina Filomena ekaitzaren ondorioz Madrilen sortu zen egoera dela eta atzeratu egin zen.

Ahotsa.info-ren ondorengo bideoan ere ikus daiteke mobilizazioaren laburpen bat: