Sorkuntza eta inprobisazioaren gaia oinarritzat hartuz, Inpernuko Poza Trikitixaren XII. Jardunaldiak izango dira irailaren 10ean eta 11n Donostiako Udal Liburutegiko Sotoan, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak antolatuta.
Trikitiaren munduan ibilbide esanguratsua duten Aitor Furundarena eta Xabier Solano musikarien eskutik egingo dira aurtengo jardunaldiak. Hasteko, asteazkenean 19:30etan konposatzeko era anitzen inguruko hitzaldia eskainiko du Furundarenak.
Solanok saio praktikoa eskainiko du ostegunean, ordu berean. Urteetako ibilbidean jorratu dituen musika anitzak aintzat hartuz, pieza berrien sorkuntzaz arituko da. Hauek nola sortu eta garatzen dituen azalduko du, aurreneko ideiatik kanta osatzeraino etxean egin ohi dituen urrats bakoitza erakutsiz.
Aurreko edizioetan, besteak beste, ondorengo gaiak izan dituzte aztergai jardunaldietan: trikitiaren oraina eta geroa, trikitia eta debekuak, txapelketak, trikitia eta emakumea, soinu txikia munduan, irakaskuntza eta diskogintza.