argia.eus
INPRIMATU
Sopelan jazotako eraso homofoboa salatzeko elkarretaratzea egingo dute barikuan
  • Aurreko asteko barikuan, sopeloztar batek jasandako irain eta mehatxu homofoboak salatzeko elkarretaratzea egingo dute barikuan, ekainaren 3an, 20:30ean, Sopelako udaletxearen atarian. Ukatu, Sopelako neska gazteen taldeak egin du erasoaldia gaitzesteko deialdia.

Ander Zarraga Hiruka .eus 2022ko ekainaren 01a
Bilboko Udalaren aurrean egindako salaketa bilkura. (Argazkia: Uriola)

EH Bilduk salatu ditu gertaerak eta koalizio abertzaleko kideek jakinarazi dutenez, aurreko barikuan, maiatzaren 27an, sopeloztar batek beste auzokide batengandik irainak eta jazarpen homofoboa jasan zuen. Erasoa pairatu zuen herritarrak gorroto-delitua salatu zuen, udaltzaingoak hala egitea gomendatu omen baitzion.

Era berean, Sopelako EH Bilduk maiatzaren 26ko osoko bilkuran onartutako adierazpen instituzionalaren mezua ere gogoratu du; izan ere, maiatzaren 17a LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna izan zen eta azpimarratu zuten gizarte osoaren erantzukizuna dela diskriminazioa eta indarkeria mota guztien aurka borrokatzen jarraitzea: "Herritar guztion zeregina da ahaleginak batzea gizarte inklusibo eta anitz bat lortzeko". Era berean, LGTB+fobiaren kontrako borrokan beraien burua berretsi dute, eta erasoa jasan duen sopeloztarrari  babesa adierazi diote.