CaixaBank Researchek egindako ikerketak agerian eman du Nafarroako etxebizitza merkatuaren egoera. 2007-2008 arteko higiezinen burbuilaren garaian baino %3,7 garestiagoa dira etxebizitza eraiki berriak Nafarroan.
Nafarroa da etxebizitzaren prezioaren igoeraren eta familien errentaren arteko alde handiena duen hirugarren erkidegoa Espainiako Estatuan. Hala adierazi du CaixaBank Research agentziaren higiezinen txosten sektorialak. Ikerketaren arabera, higiezinen merkatuak jada gainbaloratua izatearen zantzuak ditu. Hau da, etxebizitzen balioa erosleek ordaindu dezaketenaren edota ordaintzeko prest daudenaren gainetik dagoela. Espainiako Bankuak %10ean kokatu zuen iaz etxebizitzen prezioaren gainbaloratze tasa, estatu mailan. Eta hain zuzen, Madrilen eta Balear Uharteen ondotik, Nafarroak du etxebizitzekiko irisgarritasun tasa txikiena.
CaixaBanken txostenak azaltzen duenez, Nafarroan etxebizitzaren prezioa familien errentaren bilakaeratik bananduz joan da azken urteetan, eta, ondorioz, irisgarritasun-ratioak gero eta tinkatuago daude. Etxebizitza bat eskuratzea, beraz, gero eta zailagoa da, egungo soldata gehienek ez dutelako ematen gehiegizko prezioak dituzten pisuen prezioari aurre egiteko. 2007-2008 arteko higiezinen merkatuaren burbuilaren garaiko prezioekin alderatuz, %3,7 garestiago dira gaur egun etxebizitza eraiki berrien prezioak.
Ildo horretan, burbuila berriz lehertzeko arriskua egon daitekeela ohartarazi dute ikerketako arduradunek, nahiz eta alde handiak nabari dituzten 2007-2008 urteen arteko burbuilaren garaiarekin. Izan ere, etxebizitza erabilien prezioa %31,1 merkeago da. Ondorioz, etxebizitza eraiki berrien prezioarekin batez bestekoa eginez, %16,4 merkeago dira etxebizitzak Nafarroan krisi aurreko aroarekin alderatuz.
Etxebizitzen %0,4 bertan bizi ez diren atzerritarrenak dira. Gisa horretako etxejabeen artean, ugarienak frantsesak dira. Oro har, gama altukoak izaten dira soslaia horretako erosleek eskuratzen dituzten etxeak.