argia.eus
INPRIMATU
Soldatapeko emakumeek gizonek baino ia hiru ordu gehiago eskaintzen diete etxeko lanei eta zaintzari
  • Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako emakumeen batez besteko urteko errenta pertsonala gizonena baino 9.500 euro txikiagoa da, "eta alde hori ez da arindu azken 15 urteetan", Eustatek plazaratutako azken txostenaren arabera. Gainera, zuzendaritza-karguetan dauden emakumeen proportzioa 4 puntu baino gehiago jaitsi da 2015 eta 2021 artean.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 08a
Otsailean sindikatuek egindako protesta bat Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzaren aurrean. Argazkia: ELA

Emakumeek ez dute ordezkaritza parekidea botere-postuetan beren pisu demografikoari dagokionez, batez ere eremu pribatuan. Hori ondorioztatu du Eustatek bere azken txostenean. Genero Berdintasunaren Indizea (GBI) 1etik (erabateko desberdintasuna) 100era (berdintasun osoa) neurtzen da. Aztertutako eremuetan, botere ekonomikoari dagokiona da emakumea berdintasunetik urrunen dagoena: 45,1. Eustatek azpimarratu duenez, botere publiko/politikoaren eremuan legeak du arautzen berdintasuna eta emaitza begi-bistakoa da: indizea 96,7 da.

Lan-baldintza okerragoak

Gizonek kontratu mugagabe eta lanaldi oso gehiago dituzte emakumeek baino. Adibidez, 2020an, emakume landunen %22,7k lanaldi partzialean egiten zuen lan, eta portzentaje hori %7koa zen gizonen artean. Gainera, emakumeen lan-baldintzak okerragoak izateko beste faktore erabakigarri bat da kontziliazioa. Emakumeek gizonek baino ordu gehiago eskaintzen dizkiote egunero etxeko lanei edota adin txikikoak eta mendeko pertsonak zaintzeari. Zehazki, 2021ean gizonek baino ia hiru ordu gehiago egunean, eta alderik nabarmenena seme-alaben zaintzan dago: 1,4 ordu gehiago.

Zuzendaritza-karguak eta botere ekonomikoa

Boterearekin lotura duen adierazle nagusietako bat errenta da. Bada, errenta-maila altuenetan gizonen ehunekoa emakumeena baino hiru aldiz handiagoa da. Emakumeen batez besteko urteko errenta pertsonala gizonena baino txikiagoa da (9.500 euro inguru) eta alde hori ez da arindu azken 15 urteetan.

Txostenaren arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zuzendaritza-karguetan dauden emakumeen proportzioa 4 puntu baino gehiago jaitsi da 2015 eta 2021 artean. 2021ean, zuzendaritza-karguen %32,26 (eremu publikoa eta pribatua) emakumeak dira, eta are txikiagoa da zifra goi-zuzendarien eta enpresaburuen kasuan: %25,58.