argia.eus
INPRIMATU
Langile publikoek soldataren %22 galdu dute jadanik, ELAren esanetan
  • Bosgarren urtez Hego Euskal Herriko 140.000 langile publikori ez diete soldatarik igoko, Espainiako Gobernuaren aginduz. ELAren esanetan galera  jadanik %22koa da.

ARGIA @argia 2013ko irailaren 27a
Gabonetako aparteko saria ordaintzea exijitzeko protesta Eusko Jaurlaritzan (Argazki Press)

Espainiako Ogasun eta Administrazio publikoen ministerioak atzo iragarri zuen 2014an ere ez dituela administrazio zentraleko langileen soldatak igoko eta gainerako administrazioek ere agindu hori bete beharko dute aurreko urteetan bezala. 2010ean Rodriguez Zapaterok soldatak jaitsi zituenetik ez da igoerarik izan. Rajoyren gobernuak defizita %0,7 murriztu nahi du datorren urtean eta soldatak izozteak milaka milioi euro aurrezteko aukera emango dio; “gasturi eustea” deitu diote.

Langile publikoen soldatak %15 jaitsi dira KPIaren igoerarekin konparatuta, baina zergen igoera kontuan hartuta galera askoz handiagoa da. UGTk kalkulatu du Espainian %20 murriztu zaiela soldata, eta ELA harago doa Hego Euskal Herriko langileen kasuan, galera %22koa dela esan baitu. “Lasterketa austerizida” gisa deskribatu du sindikatu abertzaleak gobernu zentralaren jarrera eta eskatu du euskal langileei uzteko “gure esparruan izan beharreko lan-baldintzei buruzko erabakia hartzen”. Bide batez, Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari, foru aldundiei eta tokiko administrazioei exijitu die “ez men egiteko” Madrilgo aginduari.

Gabonetako soldata, oraingoz bai

Ogasun ministerioak jakinarazi du “2014ko aparteko bi sariak mantendu” egingo dituela. Rajoyren gobernuak 2012an gabonetako saria ez ordaintzea erabaki zuen; erabaki hori ez betetzen saiatu izan dira zenbait administrazio eta kontua auzitegietan da orain.